Datorren urteko Euskaraldian Ariguneak sortzeko konpromisoa hartzen hasi dira entitateak
Ariguneak izango dira bigarren Euskaraldiko elementu berria, entitateek beren ardurapean identifikatutako euskaraz aritzeko gune babestuak.
Datorren urtean egingo den Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioan, Ariguneak sortzeko prozesua martxan jarri dute jadanik Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hainbat erakundek. Bilboko Itsas-Museoan bildu dira Oreka IT aholkularitza-taldea, Deustuko SGEL liburu-denda, GKN Zumaia, Iruñeko Duguna dantza taldea, Kutxabank, Athletic Fundazioa, Musikene goi-mailako musika ikastegia, Elika Fundazioa, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Bilgune Feminista, Laneki lanbide heziketarako ikasmaterialen argitaletxea, Artepan okindegiak, Sokoa altzari ekoizlea, Euskal Herriko Meatzarien Museoa eta Uvesco taldearen ordezkariak.
Hurrengo hilabeteetan entitate horietan Ariguneak sortu, bultzatu, identifikatu eta babesteko prozesua martxan jarriko da, Euskaraldian zehar Arigune modura aritzeko prest egon daitezen. Lehen entitate hauek beraien sektoreEtan parte hartzeko deia egin dezaten burutu da gaurko aurkezpena, nork bere arloan trakzioa egitea bultzatzeko.
«Euskararen biziberritzearentzat oso garrantzitsuak diren eremuetan euskararen erabilera bultzatzeko neurri praktikoak bultzatzea du xede Euskaraldiaren bigarren ediziorako proposatu den berrikuntzak. Eremu horietan lehendik dauden planak eta ekimenak osatzera dator Euskaraldiaren proposamena, enpresetan eta erakundeetan egiten diren euskara planen osagarri eta lagungarri izan daitezen», azaldu dute antolatzaileek.
Norbanakotik taldera
Lehen Euskaraldiak hiztunen banakako harremanetan eragiteko ariketa proposatu zuen: ahobizi eta belarriprest rolak aurkeztu eta gizarteratzeko balio izan zuen. Milaka lagunek beren hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatzeko lehen urratsak eman zituzten ariketa baliatuz. Aldaketa horretan nabarmen eragin zuen gizartean sortutako babes giroak. Azken aldagai hori oso kontuan hartu da hurrengo ediziorako proposamen berria osatzeko.
Bigarren edizioan urrats bat gehiago emango da, ahobizi eta belarriprestek hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiteaz gain, taldeko harremanetan ere eragin nahi baita. Antolatuta dauden eremuetan (enpresa, erakundea, elkartea, klub-a, fundazio, kirol-taldea...) proposatuko da 2020ko ariketa soziala, eta Ariguneak sortzera bideratuko dira entitateak.
«Ariguneak entitateen baitan dauden euskaraz aritzeko gune babestuak dira, Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazten baitute. Horregatik, ariguneetan euskarazko harremanek zilegitasuna eta babesa izango dute eta errazagoa izango da bertan euskaraz aritzea. Bi motatako Ariguneak sortuko dira ariketarako: batetik, erakunde hauen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutako barne-ariguneak, eta, bestetik, herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako dituzten kanpo-ariguneak. Barnekoek balioko dute entitate barruko funtzionamendua euskaraz izateko eta kanpokoek uneoro euskarazko zerbitzua edo arreta eskaini ahal izateko», adierazi dute.
Neurri praktikoak
Lehen Euskaraldian entitateak sustatzaile izan zirela nabarmendu da agerraldian, beraien kideak ahobizi edo belarriprest modura aritzera animatzeko funtzioa izan zutela, alegia. Bigarren edizioan, ordea, Ariguneak sustatzeaz gain, Arigune horiek babesteko neurri praktikoak hartzeko ardura izango dute.
Gaurko prentsaurrekoan parte hartu duten zenbait erakundetako ordezkariek azaldu dute lehen Euskaraldian izandako esperientziak bultzatu dituela urrats gehiago ematera. Duguna dantza taldeko zuzendari Aritz Ibañezek, esaterako, azpimarratu du Euskaraldiaren lehen edizioan «taldeko dantzari gehienek izena eman zutela eta ariketak iraun zituen 11 egunetan egindako 3-4 errepiketan ez zela euskarazkoa ez zen hitzik entzun». 2020ko Euskaraldiak «egindako hautuan sakontzeko eta euskararen inguruko taldekideen hizkuntza ohiturak indartzeko eta egonkortzeko balioko izatea» espero du.
Kutxabank-eko Txikizkako Negozioaren Zuzendari Eduardo Ruiz de Gordejuelak ere, ildo beretik, ondokoa adierazi du: «2020ko Euskaraldiak, aurreko aukera berritzearekin batera, erakundearen inplikazio handiagoa eskatuko digu, eta, gure kasuan, aurreko edizioan landu gabeko eremuak lantzeko aukera zabalduko digu. Euskararen ahozko ezagutzaren kudeaketatik erabileraren kudeaketarako urratsa ematen laguntzea».
Urratsez urrats
Euskaraldiaren koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk «ekimenaren izaera progresiboa» azpimarratu nahi izan du. «2020an egingo den ariketak aurreko ediziokoak baino egun gehiago izateaz gain, herritarrak taldeko erabakiak hartzera bultzatzea ere badu xede, eragina areagotzeko baliagarri izango delakoan eta taldearen zein entitateen babesean, ohiturak eta portaerak aldatzeko baldintza hobeak sortuko direlakoan». Kopuruetan baino, ariketaren eraginean jarrita du, aurtengoan ere, koordinatzaile sareak helburua, gizarte aldaketek denbora eta ekina eskatzen baitute. Horregatik, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua berretsita, ahobizi eta belarriprest rolek jarraituko dute dinamikaren erdigune izaten. Horrekin batera, entitateen neurri zehatzak bultzatu nahi dira, euskaraz aritzeko gune babestuak iraunarazteko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok Euskaraldia erakunde askoren arteko elkarlanaren emaitza dela azpimarratu du. Era berean, erabilerarako babes guneak sortzeko aurretik egon diren esperientziak eredu izango direla ere aipatu du, Bizkaiko Foru Aldundian bertan egindako esperientziak aipatuz.
Ariguneak inskribatzeko epea zabalik
Gaurko agerraldia entitateek Ariguneak inskribatzeko epea zabalik dutela gogorarazteko baliatu da. Izen-ematea Euskaraldiaren webgunearen bitartez (https://euskaraldia.eus) egin ahal izango dela azaldu dute antolatzaileek. Webgunean bertan azaltzen da Ariguneak sortu eta inskribatzeko prozesua. Inskripzio epea 2020ko uztailera arte egongo da zabalik, denbora beharko baitute entitateek 2020ko azaroaren 20tik aurrera egingo den ariketarako prestatu ahal izateko. Hala ere, izena eman ahal izateko, ariguneak non dituen identifikatu beharko du entitateak, eta kideekin adostasuna hitzartu.