INFO

Dario Brizuelak Estudiantes utzi eta Unicajan jokatuko du

25 urteko eskolta donostiarrak Unicajarekin sinatu du kontratua Estudiantesen ez duela jarraitu nahi baieztatu ondoren. Madrilgo kluba pairatzen ari den egoera ekonomiko larriaren ondorio da Brizuelaren agurra.

Dario Brizuela, artean Estudiantesen uniformea jantzita. (Endika PORTILLO / FOKU)

Orain arte Estudiantes taldeko jokalari izan den Dario Brizuela eskoltak aurrerantzean Unicajan jokatuko du, talde biek jokalari donostiarra Malaga aldera joateko adostasuna lortu ostean. Azken zortzi urteak Madrilgo klubean eman ondoren, Brizuelak bertan ez jarraitzeko gogoa azaldu omen die Estudianteseko buruzagiei eta, ondorioz, traspaso bidez Malagako Unicajako kide izatera pasa da. Estudiantesek publiko egin duen prentsa ohar baten bidez ofizial egin da aipatu traspasoa, Unicajak zenbat ordaindu duen zehaztu gabe.

25 urte eta 1,88 metro tidu Dario Brizuela jokalari donostiarrak. Eskolta postuan jokatzen du eta 2019/2020 denboraldiko aurreneko hamar neurketetan 14,1 puntu, 2,6 errebote eta 2,5 asistentzia lortu ditu, batez beste, partida bakoitzean jokatu dituen 29 minutuetan.

Donostiako Easo taldetik Estudiantesa joan zen Brizuela gaztea duela zortzi urte. ACB Ligan 2013/14 denboraldian debuta egin bazuen ere, 2014/15 sasoian Urrezko LEB  Ligako Peñas Huesca taldean jokatu zuen. 2015eko maiatzean Estudiantesa itzuli denetik aurrera, Dario Brizuela taldeko eta ACB Ligako izarretako bat bilakatu da. Neurri handi baten, eskolta donostiarraren lanari esker mantendu du Estudiantesek ACB Ligako maila.

Pasa den denboraldia eta gero, Valentzia Basketek eskaintza formala egin zuen eskolta donostiarra talde taronjara eramateko. Alabaina, Estudiantesek eskaintza berdindu zuen eta Madrilen geratu zen gipuzkoarra.

Antza denez, ordea, Estudiantes hartzekodunen konkurtsoa hastear dago eta egoera ekonomiko zaila aintzat hartuta, Brizuelak ez duela Estudiantesen jarraitu nahi adierazi ei du. Hala, Unicajak eskaintza egin eta Malaga aldera eraman du jokalari donostiarra.