EAJri eta Lakuari ardurak eskatu dizkiote EH Bildu, PP eta Podemosek epaiaren ostean
‘De Miguel’ auziaen epaia jakin orduko, erreakzioak iritsi dira. EH Bilduren iritziz, egiaztatu diren gertaerak «oso larriak» dira; PPk ardura politikoak onartzeko exijitu dio Iñigo Urkullu lehendakariari; Elkarrekin Podemosek autokritika egiteko eskatu die EAJ eta Lakuako Gobernuari, baina baita PP, PSE eta ezker abertzaleari; eta PSEk Lakuako Gobernuaren jarrera «arduratsua» defendatu du.
EAEn ustelkeriarekin lotutako kasu garrantzitsuena dela nabarmendu dute EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemosek euren erreakzioetan.
EH Bilduk asteazken honetan egingo du ‘De Miguel’ auziko epaiaren balorazio sakona prentsaurrean, baina horren aurretik oharra bidali du. «Oso larritzat» jo ditu sententziak frogatutzat eman dituen delituak, ustelkeriarekin lotura dutelako eta EAJko militanteek egin zituztelako, eta zigortuen artean kargu publiko izandakoak daudelako.
Horregatik, EAJren buruzagiek gertaera horien berri bazuten ala ez jakin nahi du, «horrelako jokabideak ohikoak diren edo ez, EAJko karguak eta militanteak tartean dauden hainbat jokabide irregular ezagunak direlako». Irregulartasun horiek ikertzeko eta ezagutarazteko lanean jarraituko duela erantsi du.
Lakuan jeltzaleen gobernukide den PSEk epaiarekiko «errespetua» adierazi du eta pozik agertu da «etikoki gaitzesgarriak eta delituzkoak diren ekintzak» zigortu direlako. Lakuako Gobernuak auzi honetan izan duen jarrera «arduratsua» defendatu du, «bere esku zegoen informazio guztia Justiziaren esku» jartzeagatik.
Elkarrekin Podemosek neurriak eskatu ditu «klientelismoa eta ustelkeria» EAEko erakundeetatik atera daitezen eta ‘De Miguel’ auzia bezalakoak errepika ez daitezen. Horrekin batera, autokritika egiteko eskatu die EAJri eta Lakuako Gobernuari. Andeka Larrea Komunikazio idazkariak nabarmendu duenez, EAJk aztertu beharko luke «nola izan den posible hain egoera larria bere alderdiaren barruan eta zuzentzen zituen erakundeetan» gertatu izana. Lakuari, berriz, «axolagabetasunez» jokatzea eta Fiskaltzari ez laguntzea leporatu dio.
Jeltzale eta Gobernuari ez ezik, PSE, PP eta ezker abertzaleari ere autokritika eskatu die Podemosek, eta oposizioaren kontrol eta fiskalizazio lana zalantzan jarri ditu. Larrearen esanetan, horrek «‘De Miguel’ auzia bezalakoak gertatzea ahalbidetu du».
PPk Iñigo Urkullu lehendakariari ardura politikoak onartzeko exijitu dio. «EAJko buruak lapurretan ari ziren bitartean, alderdiko presidentea Urkullu zen», gogora ekarri dute Iñaki Oyarzabal idazkari nagusiak eta Alfonso Alonso alderdiko lehendakariak.
EAEn ustelkeriaren aurkako Fiskaltza sortzeko ere eskatu du PPk.
Arlo sindikaletik zera esan du LABek: «Begi argi izan eta esan dugu Euskal Herrian ere badela ustelkeria, beti egon dela, alderdi sistemikoen ‘euskal oasiaren’ parte izan dela eta badela, euskal erakundeetan beste hainbat kasuetan ere ikusi dugun moduan: Gipuzkoan ‘Bravo auzia’, Kutxabank-eko ‘Cabieces’ auziarekin gertatu bezala». Bere ustez, «iruzurrak dakarren lapurretarekin amaitzeko administrazio eredua goitik behera aldatzea beharrezkoa da».