INFO

Gizarte Segurantzak Nafarroako Glovoko langileei alta emango die LABen salaketaren ondoren

LABen ekinbideen ondorioz, Glovo enpresak Nafarroan dituen langileei alta emateko tramiteak egiten hasi da Gizarte Segurantza. Iragan irailean jarri zuen LABek salaketa Lan Ikuskaritzan. Sindikatuak bilera egingo du Glovoko langileekin egoeraren berri emateko.

Glovoko langile bat. (LAB)

Glovo enpresak Nafarroan dituen langileak Gizarte Segurantzaren SMS bat jasotzen ari dira. Mezu horretan esaten diete GlovoApp enpresan alta emateko izapideak egin dizkietela eta horrek atzeraeragina duela enpresan lanean hasi zirenetik. Gogoratzekoa da irailean LAB sindikatuak salaketa jarri zuela Lan Ikuskaritzan, Glovo enpresak bere langileei egiten dien kontratazioa aztertzeko eskatuz. «Lan Ikuskaritzaren ebazpena ez da oraindik etorri, baina badirudi LABen tesia bermatuko duela», argitu du LABek.

Jarritako salaketan, LABek zioenez, Glovoko langileen lan-harremana enpresaren mende zegoen erabat; izan ere, enpresak erabat arautzen ditu lan-baldintzak, langileek erabili behar duten aplikazioaren bidez, eta enpresaren esku geratzen dira lan-karga, ordutegiak, lanaldia, soldata eta abar. Beraz, langile horiek ez dute autonomoek jasotzen dutena betetzen, eta nabaria da enpresarekiko besterentasuna.

«Beste erkidego batzuetako Lan Ikuskaritzek eta Justizia Auzitegi batzuek dagoeneko ebatzi duten bezala, Glovo enpresak langile horiek besteren kontura kontratatu beharko lituzke, eta horrela izatea espero dugu», nabarmendu du LABek.

«Hala ere, Glovo enpresak bere langileei jakinarazi die, Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren zain gauden honetan, egun dagoen lan harremanean egin nahi den edozein aldaketa errekurrituko duela», azpimarratu du sindikatuak.

LABen hurrengo urratsa Glovoko langileekin biltzea izanen da, haien egoerari buruzko informazioa emateko eta hemendik aurrera dituzten egoerak azaltzeko.