Ideiak oso garbi dituzte denek larunbatean jokatuko den erremonteko Binakako finalerako
Matxin III.a-Barrenetxea IV.ak bote gehiagoko pilotak aukeratu dituzte Urriza jokoan sar ez dadin eta iruindarrak eta Larrañagak finala aurrean erabakitzea nahi dute.
Lehiaketa sistema berritzailea dela eta ez dela zenbait polemika eta buruhauste egon badira ere, larunbatean, final handi batekin erabakiko da aurtengo erremonteko Binakako Txapelketa. Eta bertan arituko diren bi bikoteek, Matxin III-a Barrenetxea IV.ak eta Urriza-Larrañagak oso argi dituzte, partida hasi aurretik behintzat, txapela janzteko erabiliko dituzten estrategiak.
Hala erakutsi dute behintzat gaur Galarretan izandako material aukeraketan. Hautaketak Urriza erabat ase ez badu ere, ez da aparteko arazorik izan apartatutako pilotekin eta aukeraketak berak argi utzi du bikote bakoitzak zer egin asmo duen larunbateko partidan. Binakako finalean buruz burukoan elkarren aurka aritu ziren Barrenetxea IV.ak eta Urrizak elkarren aurka jokatu beharko dute berriz ere eta batak bestea saihestea izango da bikote bakoitzaren lehentasunetako bat.
Hala iruindarrak eta bere lehen finala jokatuko duen Iban Larrañaga azkoitiarrak lurretik gehiago ibiltzen diren pilotak aukeratu dituzte, nolabait esatearren motelagoak, egungo buruz buruko txapelduna saihestu eta Urrizak jokoan sartzea izan dezan. Matxin III.ak eta hernaniarrak, aldiz, jokoaren ekimena atzelariak eramatea nahiko dute, saketik hasita, eta horretarako bote gehiagoko materialaren alde egin dute.
Aurrekaria, urdin
Printzipioz, Urriza-Larrañaga irtengo dira faborito bezala, finalerdietako ligaxkan maila hobea erakutsi eta elkarren aurka jokatu zuten partidan erraz antzean, 40-29, irabazi baitzuten. Gorriek ez zuten euren egunik onena izan partida horretan eta larunbatean gauzak oso desberdinak izango direla uste dute batzuek zein besteek.