INFO

Asgarth heavy metal taldeak itzulera iragarri du

Asgarth heavy metal taldea oholtzatik aldendu zela hamahiru urte igaro dira eta, baieztatu duenez, amaitu da isilunea. Banda donostiarra taula gainera itzuliko da uda honetan, boskotea eraberrituta. Asier Enbil, Ander Cañas eta Unai Zabala jatorrizko taldekideei batu zaizkie Mikel Yarza baxua eta Etxahun Urkizu bateria, Hilotz taldeko musikariak biak.


Hamar urteko ibilbide arrakastatsua egin zuen Asgarth taldeak 2007an musika utziko zuela iragarri zuenean. Orain, hamahiru urte ondoren, bukatu da isilunea, musika taldeak berak ohar bidez baieztatu duenez.

Oholtzara igoko den boskotea, hala ere, eraberrituta itzuliko da. Asier Enbil, Ander Cañas eta Unai Zabala jatorrizko taldekideei batu zaizkie Mikel Yarza baxua eta Etxahun Urkizu bateria, Hilotz taldeko musikariak biak.

Asgarthek argitu duenez, «Mikelek eta Etxahunek aire berria ekarri dute taldera eta iraganaren eta orainaren arteko oreka lortu dugu. Musikalki azkar moldatu dira, baina garrantzitsuena zera da, tratu pertsonalean ezin hobe uztartu direla. Oso erraza izan da haiek ezagutu eta elkarlanari ekitea. Sortu den giroa bikaina da eta hau  ezinbestekoa da halako proiektu bati abiada emateko. Irrikitan gaude Euskal Herrian zehar egurra banatzeko».   

2020. urtean zuzeneko emanaldietara itzuliko da Asgarth, baina ez da hau nobedade bakarra. Abesti berriak prestatzeari ere ekin dio boskoteak. Enbil, Cañas eta Zabalaren esanetan, berezia izan da hamarkadaz gaindiko etenaldiaren ostean taldea berriz ere martxan jartzea: «Ezin ukatu beti izan dugula buruan bueltaka noizbait itzuliko ginenaren ideia. Luze joan da, egoerak horrela agindu duelako, baina azkenean egia bilakatu da. Hemen gara berriro. Itzulera honetan ezin ahaztu azken urteetan gure anaia izan diren Joxi eta Unai Korral. Beraien ekarpena handia izan da, taldearen ibilbidea ulertezina da haiek gabe eta beti izango dira Asgarth familiaren parte», adierazi dute.

Datozen hilabeteetan emango ditu Asgarth taldeak etorkizuneko planen xehetasunak.