INFO

Ibon Fernandez Iradi presoari zigorra eteteko eskaerari buruzko erabakia, otsailaren 27an

Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi presoaren zigor etete eskaera ontzat eman zuen azaroaren 12an. Epaileak esklerosi anizkoitza duen Lasarte-Oriako presoaren osasun egoera eta espetxea ez direla bateragarriak onartu zuen. Alta, Fiskaltzak helegitea jarri zuen. Gaur afera berriz aztertu ondoren, epaia heldu den otsailaren 27an plazaratuko da.

Gaixo dauden presoen egoera salatzeko ekimena, Fernandez Iradiren herrian, Lasarte-Orian. (Andoni CANELLADA)

Urriaren 30ean erabaki behar zuen Zigor Aplikazioen Auzitegiko epaileak Ibon Fernandezen zigor etete eskaera onartzen zuen, baina horren ordez, epaia azaroaren 12ra arte atzeratzea erabaki zuen.

Epaileak, defentsaren eskakizunekin bat eginez, Fernandezen gaixotasuna artatzeko sendagileen txostenak proposatzen zituen neurriak espetxean bermatzea ezinezkoa dela onartu zuen.

Horrekin batera, testuinguru politiko berria kontuan hartuta, Fernandez Iradi kaleratuz gero, arriskurik ez lukeela suposatuko ere berretsi zuen epaileak.

Alta, Fiskaltzak bestelako iritzia agertu zuen, helegitea jarriz. Bi hilabeteko epea baliatuta, astelehen honetan audientzia berria finkatu zen, dei auzitegian.

Maritxu Paulus Basurco abokatuak nabarmendu duenez, hau da Fernandez Iradik plantan eman duen bigarren prozedura, eta osasun egoera dela-eta, «gero eta latzagoa da» presoarentzat hori bezalako auzi «luze eta astunari» aurre egitea.

2014an Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak zigor etetea onartu zuen baina prokuradoreak helegitea aurkeztu zuen. Afera Dei Auzitegian eta Kasazio Gortean berreikusia izan ondoren, finean, Zigorren Aplikazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen, azkenean, larriki gaixo dagoen presoaren eskaera.

Izan ere, fiskalak, lehenengo prozeduran egin bezala, berriz ere txosten mediku gehigarri bat eskatu du gaurko auzian. Defentsak, berriz, lehenengo ebazpena berretsiz, zigor etetea onartzea eskatu du.

Horren ondotik, Dei Auzitegiak bere erabakia hartuko du, otsailaren 27an hain zuzen ere.