Ekaitza baretu eta play offetik oso gertu dira Altuna-Ladis Galarza
Irribarria-Rezusta euren joari esker 6-1 aurreratu diren arren, amezketarrak erakustaldi bat eman du erasoan eta partidari buelta eman diote.
Lehen postuetan sartzea zen Jokin Altuna eta Ladis Galarzak euren buruei jarri zieten helburu nagusia eta helmuga hori oso gertu dute amezketarrak eta Baraibagoak Irribarria-Rezustari 19-22 irabazi eta seigarren postua poltsikoratu ostean.
Horretarako, 2017ko txapeldunek izandako hasiera bortitza xamurtu behar izan dute. Izan ere, gauzak behar bezala eginda eta pilotak ederki astinduz, 6-1 aurreratu dira gipuzkoarrak. Une oro zigortu duten Ladis Galarzak ere ez du hasiera onegirik izan eta gauzak oso maldan gora jarri zaizkie urdinei. Unerik zailenetan ikusten omen dira, ordea, txapeldun handiak zeintzuk diren eta Jokin Altuna partidari buelta emateko gai izan da, erasoan izan duen aukera bakarrean aurkariak asko behartu eta defentsan lan egitera behartuz.
Jokoan euren materiala sartuz, gainera, beste bi helburu ere lortu ditu amezketarrak, jokoa aurreko koadroetan gara zedila eta Ladis Galarza ere kantxan erosoago sentiaraztea. Material motelagoarekin, pilota biziek ere distira galtzen joan dira, gauzak asko orekatu dira eta hor Altunaren magia nagusitu da, pilotakada bakoitza intentzio handiarekin joz.
Une onak ere izan dituzten arren, Irribarria-Rezustari askoz gehiago kosta zaie tantoak amaitzea eta bukaera estu batean, nahiz eta nekeak eragin dion, Jokin Altunaren argitasuna nagusitu da, euren lasaitasunerako eta Irribarria-Rezustaren kezkarako.