Iruña-Veleia auzikoen aurkako karguak baztertu eta arkeometria probak egiteko eskatu dute
Datorren otsailaren 3an hasiko da Gasteizko Justizia Jauregian Iruña-Veleiako ostrakak faltsutzea egotzita dauden hiru lagunen aurkako epaiketa. Hori dela eta, Iruña-Veleia Argitu ekimenak agiri bat plazaratu du, epaiketa horren gaineko bere jarrera jakinarazteko.
Iruña-Veleia ekimeneko kide Juan Martin Elexpuru eta Gontzal Fontanedak Gasteizko Aldabe gizarte etxean esan dutenez, astelehenean Eliseo Gil Lurmeneko zuzendariaren, Oscar Escribano langilearen eta Ruben Cerdan kolaboratzailearen aurka hasiko dena «sekula egin behar ez zen epaiketa» da, zigor-auzitegia «ez delako eztabaida zientifiko bat erabakitzeko lekurik onena».
2009an Arabako Foru aldundiak Gilen, Escribanoren eta Cerdanen aurka ezarritako kereila Batzorde Zientifiko Laguntzailea delakoaren txostenetan oinarritua zela gogorarazi dute, baina baita ebidentzia fisikoez egindako txosten bakar batek ere ez zuela ondorioztatzen grafitoen benetakotasuna ez haien faltsutasuna ere, eta ondoren, aldiz, nazioarteko hainbat adituren txostenek Batzordearen faltsutasun argudioak ezeztatu zituztela.
Hamaika urte joan dira kereila jarri zutenetik; horrenbestez, instrukzio fase «amaiera gabea» zazpi urte eta erdi arteko kartzela zigorrak jasotzeko arriskuan dauden auzipetuen «torturatzat» jo dute. Halaber, bere harridura agertu du Iruña-Veleia Argituk epaileak ez dituelako deklaratzera deitu ez kereila jarri zuen ahaldun ohia, ezta grafitoen faltsutasuna salatu zuten unibertsitate irakasleak ere, bi aldeek eskatu arren, eta benetakotasuna defendatzen duten txostengileek ere ezin deklaratuko dutelako.
Grafitoak benetakoak eta, beraz, auzipetuak errugabeak diren konbentzimendutik, Iruña-Veleia Argituk auzipetuen aurkako karguak baztertu eta azterketa arkeometrikoak eta indusketa kontrolatuak bideratu ditzala eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Era berean, unibertsitateei, Lakuako Gobernuari, Euskaltzaindiari, Eusko Ikaskuntzari, Jakiunderi eta «gure ondare kulturala eta historikoa zaintzeko eginkizuna duten erakunde» guztiei ere auzia argitzeko ahaleginak egin ditzatela eskatu diete.
Amaitu baino lehen, datorren larunbatean goizeko 11.00etan izango den Bizikleta Martxan parte hartzera deitu dute Elexpuruk eta Fontanedak. «Zientziarik gabe justiziarik ez» goiburupean, Lakuako autokarabanen aparkalekuan hasi eta Justizia Jauregiaren parean izango den elkarretaratzean amaituko da.
Azkenik, egia jakitea exijitzen dutela esan dute: «Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere».