Lakuaren arabera, grebaren jarraipena %16tik beherakoa izaten ari da arlo publikoan
Lakuak emandako datuen arabera, grebaren eragina %16,9koa izan da Administrazio orokorrean, %7,6koa Osakidetzan eta %3tik beherakoa Justizian. Hezkuntzan, «arazo informatiko» bat dela-eta, ez dute «datu fidagarririk», adierazi dutenez.
Lakuako Exekutiboak zabaldutako datuen arabera, grebak %16,9ko eragina izan du Administrazio orokorrean, hau da, Jaurlaritzako 12 sailetan eta Emakunde, IVAP, Kontsumobide, Osalan, Habe edo Lanbide bezalako erakunde autonomoetan lan egiten duten langileak kontuan hartuta.
Lanbideren kasuan, zehaztu duenez, «grebaren jarraipena %12,6koa izaten ari da 965 pertsonako plantillan. Osakidetzan, goizeko txandako datuak hartuta, greba %7,56koa izan dela aipatu du Gasteizko Gobernuak, eta zehaztu du medikuen artean jarraipena %4,6koa izan dela, %8,7koa erizainen kasuan, eta %12,1ekoa gainerako lanbide-kategorien artean. Nabarmendu duenez, «osasun-zentro guztiak irekita daude».
Hezkuntzari dagokionez, «arazo informatiko» bat izan da 11.30etik aurrera eta hori dela-eta «ez dugu datu fidagarririk». Kasu honetan ere ikastetxe guztiak zabalik daudela baieztatu du Urkulluren Exekutiboak.
Justiiza sektorean, grebaren eragina %3tik behera kokatu du Lakuak.
«35.000 euroko sabotajeak»
Grebaren eraginaz gain, «beste gorabehera batzuk» aipatu ditu Lakuako Gobernuak eta horien artean Eusko Trenbide Sarean jazotakoa nabarmendu du, «35.000 euro inguruko sabotajeak» aipatuz. Gertaeraz azaldu du Berriz eta Zumaia artean grebako piketeek zuhaitz bat bota dutela, eta horren ondorioz «katenariaren hiru zutoin erori» direla. «Linea moztuta dago eta horrela jarraituko du, gutxienez, egun osoan», adierazitakoaren arabera.
Hendaian egon diren piketeak ere aipatu ditu, eta horren ondorioz EuskoTreneko zerbitzu guztiak ezin izan direla atera 7.00ak eta 9.33ak artean.
Bestalde, Ertzaintzak egindako bost atxiloketen berri eman du Lakuak, eta beste 6 lagun identifikatu dituztela zehaztu du.