Epaiketa abiatzear dela, Iruña-Veleia «zientifikoki argitzeko» deia berretsi dute
Txirrindula martxa eta elkarretaratzea egin dituzte gaur larunbatean Gasteizen, Iruña-Veleia «zientifikoki argitzeko eta ez epaiketaren bidez» eskatuz. Lakuako Gobernuari, Arabako Aldundiari, EHUri edota Euskaltzaindiari zuzendu zaizkio. Eta auzitegiari, jakina.
Astelehenean hasiko da Gasteizen Iruña-Veleia auziari dagokion epaiketa. Eta bi egun falta direnean, kontua «zientifikoki argitzeko, eta ez epaitegiaren bidez, eskatzeko» bizikleta martxa eta elkarretaratzea egin dituzte Arabako hiriburuan.
Iruña-Veleia Argitu plataformak aste honetan nabarmendutako aldarrikapenak berretsi ditu ekimen honetan: karguak baztertu eta arkeometria probak egitea litzateke egokiena.
Martxa honetan zehar, zenbait lekutan mezu zehatzak utzi dituzte, bertsoen bitartez. Honela, Lakuako Gobernuak «ia grafitoak analizatu gabe, eta beraz egiazkoak edo faltsuak diren egiaztatu gabe, Eliseo Gili eta Oskar Escribanoi ia 300.000 euroko isuna jartzea» kritikatu dute.
Giza Eskubideen eta Iruña-Veleiako etorbideen bidegurutzean geldialdia egin dute gero, «gai honetan giza eskubiderik ez dagoela esateko».
EHUko Letren Fakultateari ere zuzendu zaizkio parte hartzaileak, «hondeamakina sartzeagatik eta gezurren betetako txostenak idazteagatik, gero haiek indusketaren jabe egiteko».
Arabako Aldundiari, «hondeamakinarena onartzeagatik eta datazioak egin gabe 7,5 urteko kartzela zigorra eskatzegatik» kezka ere helarazi diote. Bai eta Euskaltzaindiari ere, «gai hau argitzen ez laguntzeagatik».
Azkenik, Epaitegira jo dute, jakina, «datazioak prestigioko laborategietan egin gabe epaitzeagatik eta Eliseo eta Oskarren kontrako zigor gogorrak eskatzeagatik».