INFO

Donostiako metroari buruzko salaketa artxibatu ostean, auziari jarraipena emango dio Satorralaiak

Donostiako metroaren larrialdi-irteeraren inguruan abian jarritako ikerketa Fiskaltzak «modu onartezinean» artxibatu egin duela salatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Horren aurrean, epaitegian salaketa berresteko eta auziari jarraipena emateko bideak aztertzen ari dela iragarri du.

Epaitegiaren aurrean Satorralaiak egin duen agerraldia. (@satorralaia)

Fiskaltzak jakinarazi duen erabakiari erreparatuta, Satorralaiak lotsagarritzat jo du «Eusko Jaurlaritzak epaitegiari bidalitako txostenean nola desitxuratu eta maltzurkeriaz ezkutatu egin dituen metroaren eraikuntza-proiektuaren arabera 500 metroko luzera eta 400 eskailera izango dituen Pio Barojako larrialdi-irteeraren inguruan gure salaketan zehatz-mehatz azaldutako irregulartasun nabarmenak».

Ildo horrretan, Idoia Zuriarrain fiskalak, «inongo kontraste teknikorik egin gabe, Jaurlaritzak bidalitako txostenean emandako sasi-arrazoiak onartu» dituela kritikatu du eta salaketa artxibatzea «justifikaezina eta onartezina» iruditzen zaiola gaineratu du mugimenduak.

Bestalde, «gezur biribil batean oinarrituz salaketa artxibatzea iraingarria» dela adierazi du Hans Heydemann ingeniari eta sute-prebentzioan aditu alemaniarrak, hain zuzen joan den urrian epaitegian Satorralaiak egin zuen salaketarekin batera aurkeztutako metroaren larrialdi-irteerari buruzko txostenaren egileak.

«Inon ez dago 500 metroko luzera eta %15eko pendiza duen aldapa batean 400 eskailera-maila jarrita 68 metroko desnibela igotzera derrigortzen duen larrialdi-irteera bat egitea baimentzen duen araudirik», salatu dute. «Halako baldintzetan autosalbatzea oso gogorra da eta ahalegin fisiko izugarria eskatzen du. Jende askok ez luke salbatzeko inongo aukerarik izango tunelean sute bat gertatuz gero», ohartarazi du Heydemannek Fiskaltzaren esku jarritako txostenean.

«Egitasmoak legedia urratzen du»

Honi dagokionean, egitasmoak trenbide-tunelen segurtasunaren arloan «Espainian nahiz Europan ezarritako hainbat araudi urratzen dituela» nabarmen du bizilagunen mugimenduak, baita «pertsona gutxituen irisgarritasuna eta diskriminazio eza xedatzen duen legedia urratu ere».

Izan ere, Satorralaiaren iritziz, Pio Barojako larrialdi-irteerak ez ditu betetzen ebakuazio bideetan %8ko pendiza gainditzen duten maldak debekatu eta eskailerak jartzea ekiditea gomendatzen duten araudiak ez du erreskate taldeen eskuhartzea errazteko ibilgailuen sarrera ahalbidetzen eta ez du mugikortasun gutxituko pertsonen ebakuazioa ahalbidetzeko 400 eskaileretako arrapaladaz aparte beste bide alternatiborik aurrikusten.

Aurkeztutako salaketan gaineratzen denez, egitasmoak «ez du betetzen NFPA-130 araudiak larrialdi-irteeren arteko distantzia gehienez 762 metrokoa izan dadin zehazten duen neurria» eta zehaztapen horrek «gezurtatu egiten du metroaren proiektuan aipatutako araudi amerikarra %100ean betetzen dela esanez Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendariak Satorralaiaren aurretiko salaketa administratiboari emandako erantzuna».

Horren guztiaren aurrean, Fiskaltzak ikerketa artxibatzeko jakinarazi duen erabakia mugimenduaren idatzian salatutako funtsezko irregulartasunei «inondik inora» erantzuten ez diela adierazi du Satorralaiak, eta «Eusko Jaurlaritzak epaitegira bidali duen txostenaren aipamen zeharo nahasgarri batean» oinarritzen dela azpimarratu du.

Hori dela eta, Epaitegian salaketa berresteko eta auziari jarraipena emateko bideak aztertzen ari direla iragarri dute, eta helburu hori aurrean, «Fiskaltzari eskaera egin diogu Eusko Jaurlaritzak eta proiektua idatzi duten enpresek bidalitako txosten osoen kopiak gure eskura jar ditzan».

Satorralaiak metroaren pasantea salatzen jarraituko duela gaineratu du, «ahal diren bide guztiak erabiliz, herritarren parte handi batek zeharo behargabekotzat jotzen duen makroproiektu honen bultzatzaileek darabilten egite kontsumatuen politikari men egin gabe».