INFO

Athleticen eta Osasunaren zaleak, euskal selekzioaren alde eta Eurokoparen aurka

Athleticek eta Osasunak igande honetan jokatu behar duten derbiaren aurretik, kalejira bat egin dute euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarria gogora ekarri eta ekainean San Mamesen ospatuko den Eurokoparen kontra daudela erakusteko.

Athleticen eta Osasunaren arteko partida aurretik kalejira egin dute Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Aurtengo denboraldiko derbi guztietan gertatu den bezala, euskal zaletuak bat egin dute partidaren aurretik euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko eta uda honetan San Mamesen jokatuko den Eurokoparen kontra agertzeko.

Athleticen eta Osasunaren arteko derbia hasi baino ordubete arinago kalejira egin dute Kirruli herriko tabernatik futbol zelairaino. Ekimenaren antolatzaileek bi euskal taldeetako jarraitzaileei luzatu diete martxan parte hartzeko gonbidapena.

Joan den ostegunean ere San Mamesen ospatu zen Football Summiten laugarren edizioan «Eurokopa honi ez» aldarrikapena astindu zuten. Bilboko zinegotzi den Xabier Ochandianok hitza hartzerakoan, bi gaztek protesta egin zuten oholtzan.

Ochandianok¡ barkamena eskatu zien bertan bildutakoei eta Eurokopa Bilbon jokatzea, espainiar selekzioa etxeko taldetzat hartuz, hiriak daraman garapen ekonomikoaren barruan kokatu zuen: «Hurrengo hilabeetean Errege Kopako finalean bi euskal talde izan ditzakegu, eta aldi berean San Mamesen espainiar selekzioa hartu, normaltasun eta lasaitasun osoz».

Bestalde, martxora begira ekimen ezberdinak antolatu dituzte Eurokoparen kontra protesta egiteko. Hilaren 14an topaketa nazionala egingo dute Durangon. Bertan, kirolaren eta politikaren harremanaren inguruko mahai-ingurua, bazkaria, kalejira eta kontzertuak izango dira Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco eta Egurra ta Kitto taldeekin.

Aldi berean, datorren martxoaren 28rako manifestazio nazionala egingo dute Bilbon. Zabalburu plazatik abiatuko da, «antolakuntzaz aurre egin, Eurokopa honi ez!» lelopean.