Irabazi ala galdu, finala euskal zaleen erakusleiho izango da
1927an jokatu zen orain arteko Kopako euskal final bakarra. 93 urte igaro direnean, euskal taldeen finala errepikatuko da. Realeko eta Athleticeko jokalari ohiek egoera aztertu dute.
«Euskal futbolak eta Euskal Herri osoak aukera ona daukagu futbola nola ikusten dugun eta nola bizi dugun erakusteko». Halaxe ikusten du Lutxo Iturrino futbolari ohiak Realak eta Athleticek apirilaren 18an jokatuko duten Kopako finala.
Euskaldunentzat berezi izateko osagai guztiak dituela ezin uka daiteke. Hala onartu zuten NAIZ Irratian Ion Garate kazetariak elkarrizketatu zituen jokalari ohi guztiek. «Sevilla euskaldunez beteko da», azpimarratu zuen Gurutze Fernandezek, Athleticekin hiru liga irabazi zituen futbolariak.
«Euskal Herri mailan egiten ari den lan ona» nabarmendu zuen Aitor Lopez Rekartek. Bere ustez, hori da final honetako ikurrik esanguratsuena.
Finalerdietako kanporaketen zozketa egin zenetik –Athletici Granada eta Realari Mirandes egokitu zitzaienetik– euskal finala izan dute amets zaleek. Txuri-urdinek behin Mirandan betebeharrak bete ostean, ez zen harrigarria ostegunean zuri-gorrien aldeko jarrera hartzea –salbuespenak salbuespen–. Rekartek, esaterako, txuri-urdina izanda ere, Athleticek kanporaketa gainditzearen aldekoa zela onartu zuen: «Kopako final batean bi euskal talde izatea sekulako poza da».
Nork bere kanporaketa gaindituta, finalerako txartela lortuta, bi taldeak apirilaren 18ko lehiara begira daude jada. «Euskal zaleentzat egun eder bat pasatzeko eguna izango da», laburbildu zuen Iturrinok. Endika Guarrotxenak, era berean, giro ona sor daitekeela aurreikusten du, «baina ikusiko da zer gertatzen den».
Guarrotxenak 1983-1984 denboraldian irabazi zuen Kopako garaikurra Athleticen elastikoarekin. Ordutik 36 urte igaro direla eta gauza asko ahaztuta dituela adierazi zuen. Ez du ahaztu, ordea, final horretan 60.000 athleticzale hurbildu zirela Madrilera –«hori da aipagarriena»– eta garrantzia kendu nahi izan zion emaitzari (1-0 irabazi zion Bartzelonari Guarrotxenaren golari esker).
Realak azken Kopa 1986-1987 sasoian eskuratu zuen. Hurrengo urtean txapeldunorde gertatu zen, eta 32 urte geroago gizonezkoen taldea final batean izango da berriz. 1980ko hamarkada oparoa izan zen euskal taldeentzat. Gaur egun, egungo futbolaren dinamikan, final batera iristea balentria handia da, Guarrotxenaren iritziz: «Garai honetan liga irabaztea oso zaila da; irabazteko modukoa den txapelketa bakarra Kopa da eta nik uste dut buru-belarri jarri direla horretan».
Berrogei egun falta
Lopez Rekartek eskuin hegalean jokatzen zuela ligan txapeldunorde geratu zen Reala 2002-2003 denboraldian. Arrasatearrak ere garai ezberdinez hitz egiten ari garela argitu zuen eta, hortaz, «ez dakit alderatzen hastea bidezkoa den». Euskal futbolean egiten ari den lanaren balioa nabarmendu zuen: «Entrenatzaile euskaldunak ere asko daude».
Inaxio Kortabarriak «euskal nortasunaz» hitz egin zuen. Realarekin liga eta Superkopa irabazitakoa da bera eta euskal futboleko irudi esanguratsuenaren protagonista izan zen, Iribarrekin batera. 1976an, Franco diktadore espainola hil eta gutxira, ikurrinarekin zelairatu ziren jokalariak, ilara bat osatuz, euskal derbi batean. 1976ko irudi hori 2020ko Kopako finalean errepikatzea nahi luke Kortabarriak: «Gure ikurrina da eta oso polita litzateke».
Iaz, Realeko emakumezkoen taldeak Granadan irabazitako Kopa bertatik bertara ikusten izan zen Maite Lizaso. Realeko zelai-erdian eman zituen bere futbol ibilbideko urte gehienak, baina Athleticekin irabazi zuen Liga txapelketa 2016an. Euskal final honi begira jarrita, euskalduna izanik «euskal finala» nahi zuela argi utzi zuen. Egun batzuk lehenagotik Sevillarako plana itxia du, «sarrerarekin edo gabe» bertan izango da. Ziur da «derbi guztietan erakutsi bezala, itxura ona erakutsiko» dutela realzale eta athleticzaleek.
Oraindik 40 egun falta dira apirilaren 18ko finalerako. Talde bakoitzaren jokatzeko modua baloratzen hasita, jokalari ohi guztiak ados daude Realaren egungo unea Athleticena baino oparoagoa dela. Ez dute zalantzarik egiten, baina nabarmendu zuten hilabete pasatxo honetan edozer gerta daitekeela; lesioak tarteko.
Iturrinok zehaztu zuen hilabeteko epean gauzak zeharo alda daitezkeela: «Atzera begiratzen badugu, duela hilabete Athletic ondo zegoen, baina azken hil honetan ez dabil hain ondo. Reala orain, azken hilabetean, oso ondo dabil, baina ikusi beharko da nola iristen den».
Guarrotxenaren ustez, final polita izango da; Rekarteren iritziz, «erakargarria», nahiz eta askotan final garrantzitsuenek eta derbi soilek bere horretan ere ikusgarritasunetik oso gutxi izaten duten. «Finala izateaz aparte, derbia da. Edozer gerta daiteke», gehitu zuen Lizasok.
Kortabarriarentzat Realaren «joko alaia» den hori final batean aldatu egin daitekeela abisatu zuen Iturrinok, eta Athleticen defentsako sendotasuna nabarmendu zuen: «Bakoitzak jokatzeko modu oso ezberdina dauka; Realak baloia gehiago erabiltzen du, baina Athletic oso gogorra da atzean».
Guarrotxenak «oso ondo» ikusten du Reala. Imanol Alguacilekin batera atera zuen entrenatzaile baimena Las Rozasen eta harreman handia dutela onartu zuen Athleticeko jokalari ohiak. Kortabarriak zuri-gorrien «oldarkortasuna» aipatu zuen: «Ez du baloi bakar bat ere galdutzat ematen, bere indar guztiekin lehiatzen da».
Lizasok, aldiz, gogoratu zuen Athleticek final dezente jokatu dituela azken urteetan (Kopako hiru eta Europa Leagueko bat) eta guztiak galdu dituela. «Reala adi ibili beharko da». Ez zen ausartu emaitzarik iragartzen.
«Hobekien jokatzen duenak irabaz dezala», adierazi zuen Gurutze Fernandezek. Iturrinok Realak irabaztea nahi du; Rekarteren burua 3-1ekoarekin «bueltaka dabil»; Kortabarriak ez du «sekula emaitzarekin asmatzen»; beraz, ez da arriskatzen. «Irabaz dezala merezi duenak, justizia egiteko. Dena den, garrantzizkoena festa on bat izatea da eta, galdu ala irabazi, ea ondo pasatzen dugun».
Adierazpenak
«Bakoitzak jokatzeko modu oso ezberdina dauka; Realak baloia gehiago erabiltzen du, baina badakigu Athletic oso gogorra dela atzean»
Lutxo ITURRINO
Bi taldeetako jokalari ohia
«Garai honetan liga irabaztea oso zaila da; irabazteko modukoa den txapelketa bakarra da Kopa eta nik uste dut buru-belarri jarri direla horretan»
Endika GUARROTXENA
Athleticeko jokalari ohia