INFO

Gipuzkoako hildakoarekin, sei dira guztira Euskal Herrian koronabirusarekin zendutakoak

Lakuak emandako azken datuen arabera, atzo baino 46 koronabirus kasu gehiago detektatu dira gaur EAEn. Guztira, 148 kasu positibo erregistratu dira. Horietatik 47 ospitalizatuta daude, eta 6 pertsona hil dira, atzo baino bat gehiago. Azken heriotza Gipuzkoan izan da, eta 69 urte zituen emakumea da, aurretiaz gaixotasun gehiago zituena. Nafarroan, zazpi kasu berri atzeman dituzte.

Profesional bat lagin batekin lanean. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Orotara sei dira Euskal Herrian koronabirusarekin hildako pertsonak, gehien-gehienak adinekoak eta guztiak aurretik beste gaixotasun batzuk zituztenak, Lakuaren azken informazioaren arabera. Azken heriotza Gipuzkoan izan da, eta 69 urte zituen emakumea da, aitzinetik eritasun gehiago zituena.

Igandean baino 46 kasu gehiago detektatu dira astelehen honetan EAEn. Guztira, 148 koronabirus kasu positibo erregistratu dira. Horietatik 47 ospitalizatuta daude, eta 6 pertsona hil dira, atzo baino bat gehiago. Igandean 92, 88 eta 87 urteko hiru emakume hil ziren, bi Araban eta bat Bizkaian, guztiak eritasun kronikoekin.

Joan den astean 90 eta 82 urteko beste bi gizon zendu ziren, Bizkaian eta Araban.

Nafarroan, zazpi kasu berri

Nafarroari dagokionez, aurreko positiboekin lotutako zazpi Covid-19 koronabirus kasu berri jazo dira, Gobernuak jakinarazi duenez. Azaldu duenez, ikerketa epidemiologikoei eta prebentzio neurri protokolizatuei esker, zuzeneko familia inguruan atzeman dira kasuak.

Neurri kolektiboetan ez dago nobedaderik. Eta ospitaleratutako pazienteen egoeran ere ez dago aldaketa nabarmenik.

Beste hiru positibo erregistratu zituzten asteburuan, 64 urteko gizon bat, iruindarra, bere etxean isolamenduan dagoena; 39 urteko emakume bat eta 63 urteko gizon bat, biak erietxean eta azkena zaintza berezietan.

EAEn, 148 positibo

EAEra bueltatuz, orotara 148 dira atzemandako kasu positiboak, Lakuaren datuen arabera, gehien-gehienak (122) Araban, 21 Bizkaian eta 5 Gipuzkoan. Kasu positibo berrien artean, 43 Araban aurkitu dituzte, bakarra Bizkaian eta bi Gipuzkoan. Erietxean dauden pertsonak 34 dira Araban, 11 Bizkaian eta bi Gipuzkoan.

Osasun Sailak euskal herritarrei erantzukidetasuna eta elkartasuna eskatu dizkie, gomendioak bete ditzaten

Osasun Saila, Covid 19-ko epidemia hasi zenetik, haren bilakaeraren jarraipena egitean, datuetan eta nazioarteko komunitate zientifikoaren gomendioetan oinarritu da. Nazio Batuen eta OMEren gomendioei eta irizpideei jarraituz, Lakuak prebentzio-neurriak indartu ditu egoera epidemikoa geldiarazteko.