INFO

Koronabirusak 96 hildako utzi ditu dagoeneko Euskal Herrian

Osakidetzak aurkeztutako azken datuen arabera, 14 pertsona gehiago hil dira azken orduetan koronabirusaren eraginez Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira 85 pertsona hil dira eta 1.725 positibo eman dira. Nafarroan 10 hildako eta 664 positibo daude dagoeneko. Ipar Euskal Herrian lagun bat hil da.

Txagorritxuko ospitala. (Endika PORTILLO/FOKU(.

Mikel Sanchez Osakidetzako Plangintzako zuzendariak larunbat honetan aurkeztu ditu koronabirusaren inguruko EAEko azken datuak. Atzo 20.00etan eguneratutako datuen arabera, 14 pertsona gehiago hil dira, hildakoen kopurua 85era helduz.

Positibo kopuruari dagokionez, guztira 1.725 dira. Aurreko datuekin alderatuta, 260 gehiago. Horietatik 648 pertsona ingresatuta daude gaur egun.

Arabak du positibo gehien, 801, eta horietatik 254k ospitalean jarraitzen dute. Bizkaian 651 positibo daude, eta horietatik 310 ingresatuta daude. Gipuzkoan 273 positibo daude, eta horietatik 84 ospital ezberdinetan daude oraindik.

Sanchezek adierazi duenez, kutsapena handitzeko aurreikuspena «betetzen ari da». Horren aurrean, «oso adi» jarraitzen dutela esan du; izan ere, haien datuen arabera, «oraindik denbora falta da une honetan aurkitzen garen larritasun egoeratik ateratzeko». «Horregatik, osasun publikoaren krisiari erantzun onena ematen eta birus honen hedapena geldiarazten ahalegintzen gara», adierazi du.

Osakidetzako plangintza zuzendariak herritarren «erantzukizunari eta elkartasunari» dei egin dio berriro, eta «Ezarritako neurriak eta higiene eta prebentzio jarraibideak diziplinaz errespetatzeko» eskatu du. «Eskuak garbitzea, ukipen-azalak garbitzea eta gutxienez metro bateko tartea mantentzea beste pertsona batzuekin, batez ere sintomak baditugu», adierazi du.

Bestalde, ukatu egin du EAEko Osasun Saila bakarrik bizi-itxaropen handiagoa duten pazienteak Zainketa Intentsiboetako Unitatera (ZIU) bideratzen ari denik, beste autonomia-erkidego batzuetan gertatuko litzatekeen bezala. «Ez dugu eszenatoki hori ikusten. Egiten ari garen ahalegin guztiak egoera horiek saihestera bideratuta daude», adierazi du.

Halaber, argitu du ez dutela «gaixotasunaren ondorioak daudela pentsarazten duen daturik». Bestalde, eta pandemiaren egoerari buruz zabaldutako buloen aurrean, informazio iturriekin «oso-oso zorrotzak» izatera deitu du, eta zalantzak Osakidetzaren webgunearen edo Osasun Sailaren bidez konpontzea gomendatu du.

Sanchezek jakinarazi duenez, Osakidetzak bisita birtualen sistema bat jarriko du martxan, ospitalean dauden pertsona guztiek euren senideekin komunikatzeko aukera izan dezaten. Sistema hori gaur hasiko da Araban, eta gero Bizkaira eta Gipuzkoara zabalduko dela adierazi du.

Nafarroan eta Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian lagun bat hil da, eta Nafarroan gora egiten jarraitzen du koronabiruseko kasu positiboen kopuruak: 664 kasu pilatu dira larunbat honetan, eta 10 pertsona hil dira gaur goizera arte, 87 urteko gizonezko bat hil baita Nafarroako Ospitalean, patologia anitzekin.

Santos Indurain Osasun sailburuak emandako datuen arabera, positibo eman duten paziente guztietatik 222 ospitaleratuta daude, horietatik 25 Zainketa Intentsiboetako Unitatean, eta beste 24k, berriz, ospitaleko arreta etxean dute.

Gainerakoak, 442, etxeko jarraipena egiten ari dira osasun-profesionalen aldetik, eta sektore horretako kideen artean 85 kutsatuta daude.

Orain arte hamar heriotza izan dira, horietatik gazteena atzo hildako bat, 69 urtekoa eta pluripatologikoa.

Material gabeziei dagokienez sailburuak adierazi du hornitzaileekin «etengabeko ahalegina» egiten ari direla beren stockage-aren inbentarioa egiteko, eta Nafarroako osasun-sistemak «ohe-kopurua handitzeko gaitasuna duela, baita oheak eman ditzaketen espazioak ere».

Azkenik, test azkarren etorkizuneko erabilera aipatu du, oraindik ez baitira erabiltzen hasi «Estatuko beste inon», eta, Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi dienez, «datorren astean zehar» erabili ahal izango direla aurreikusi dute.