15 positibo gehiago Gipuzkoako Aldundiaren egoitza baliabideetan
Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, dagoeneko 37 dira herrialdeko adinekoentzako egoitza baliabideetan hautemandako Covid-19 kasuak. Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetan 13 positibo egon dira.
Eider Mendoza Gipuzkoako foru bozeramaileak ezagutzera eman du 15 direla herrialdeko egoitza baliabideetan hautemandako Covid-19 kasu berriak. Azaldu duenez, 5 positibo izan dira Zarauzko Santa Ana egoitzan, 3 gehiago Tolosako Iurramendin, bat gehiago Eibarko Egogainen eta 6 gehiago desgaitasuna duten pertsonentzako Ulizapiko Hondarribiko zentroan.
Guztira, 37 dira Gipuzkoako bost egoitzatan positibo eman duten adineko pertsonak, eta 13 desgaitasuna duten pertsonentzako bi egoitzatan. Ospitaleratutako pertsonei dagokienez, lau dira guztira eta Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan bi pertsona artatuak izaten ari dira.
Mendozak esan duenez, suhiltzaileen foru zerbitzuak larunbatean amaituko du Gipuzkoako egoitzak desinfektatzeko egiten ari den lana. Atzo Irungo Caser Residencial Anaka egoitza desinfektatu ostean, sei egoitzatan aritu dira gaur: Hondarribiko Zubieta Uliazpi zentroan, Irungo Caser Betharram-en, Tolosako Iurramendi zentroan, Eibarko Egogain zentroan, Eibarko San Andres zentroan eta Arrasateko Iturbide egoitzan.
Foru zerbitzuak bost edo sei laguneko taldetan egiten du lan, eta gune komunak, korridoreak, sarrerak, ateak… desinfektatzen dihardu, horretarako hipokloritoa oinarri duen soluzioa erabiliz. Ondoren, logelak enpresa espezializatu batek desinfektatzen ditu.