INFO

«Aita hil, ama ezin dut besarkatu, baina lanera joan beharra daukat»

Iritzi sailean argitaratzen dugun eskutitzean, Jesus Mari Pikabearen lau alabek kritika zuzena egiten diote, egunotan senitartekoren bat galdu duen familia baten begietatik, krisi egoera honen kudeaketari. Leire Pikabeak bere azalean bizitakoaren testigantza gogorraeman digu une zail honetan.

Familia baten besarkada beilatokian.

Astebete baino gehiago daramagu koronabirusak utzitako zifra eta estatistikei begirik kendu gabe, baina zenbaki horien atzean hezur-haragizko pertsonak daude, euren historia, min eta nahigabeekin. Hotzak dira zenbakiak; eta izotzezkoa, salbuespen egoera honetan senideren bati azken agurra ematea –Covid-19ak edo beste edozein gaixotasunek jota– tokatu zaienen esperientzia. Beharrezkoago direnean, besarkadak ere galarazita dauden egun ilun hauetan.

Mutur-muturreko egoerak bizi eta, amesgaizto baten aurrean balego bezala, gertatutako guztia ondo barneratu ote duen ziur egon gabe, Leire Pikabea errenteriarrak bere lekukotza eskaini digu. «Euskal Herrian familia pila bat egongo dira gurearen antzeko egoeran, guk pasatutakoa pasatzen ariko direnak. Hau giza drama bat da, ez ekonomikoa, azken egunotan entzun izan dugun bezala», esan du.

Kontua da, beren kasuan egoera are muturrekoago egin zezaketen osagai denak, edo ia denak, batu zaizkiela ditxosozko koktelera makabro honetan. Hasteko, ez da Covid-19a izan aita eraman duen gaitza, baina erabat ezustean harrapatu ditu Jesus Mariren heriotzak. «Gaixotasun kronikoren bat bazuen, baina ez larria; erabat ezustean harrapatu gaitu».

Dena aurka

Ostiral arratsaldean izan zuen aitak beheraldia, eta berez gogorra den egoera egunotan bizi ditugun baldintza bereziek are gehiago zaildu zuten. «Hasteko, ahizpa eta koinatua etxean daude duela hamar egunetik, sintoma batzuekin, baina ez diete inolako probarik egin, ez dakigu positiboak diren edo ez, etxean geratzeko esan diete eta, badaezpada, erantzukizunez, etxean geratu behar izan dute halako egun gogorretan».

Ama ere, osasun arazo batzuk dituela-eta, arrisku taldekoa da eta etxetik bizi behar izan ditu senarraren azken orduak, azken hitzak esateko aukerarik gabe, etxeko babesean. «Ama ez zen ospitalera igo, daukan arriskuagatik. Azkenean, erraustu baino pixka bat lehenago, azken aldiz ikusi nahi zuela-eta, maskara bat jarrita, agurtu ahal izan zuen behintzat», azaldu digu alabak.

Ospitalean bakarrik

Azkar joan zitzaien aita, ostiral arratsaldean Donostia Ospitalera igo eta igande arratsaldean hil baitzen, baina bertan emandako orduak ere ez ziren batere errazak izan. Zaintza lanetan gelan pertsona bakarra egon zitekeen eta, ahal bezala, hiru ahizpak moldatu ziren aitaren ondoan egon eta amari ere behar zuen arreta eskaintzeko. Bere txarrean, koronabirusak jota dauden gaixoen kasuan ez bezala, Leire bera eta etxeko beste batzuk aldamenean zituela eman zuen azken hatsa.

Kolpe latza, inondik ere, baina ondorengo orduak ere ez ziren askoz samurragoak izan. «Beilatokian ere, batera bi pertsona bakarrik egon ahal ginela esan ziguten. Etxeko batzuek erabaki zuten kutsatzea berdin zitzaiela, total, egun osoa generaman eta, kutsatzekotan dagoeneko kutsatuak egongo ginen, eta kanpoan egotea erabaki zuten, nolabaiteko laguntza emanez».

Tentsio une batzuk izan zituzten aginduak betetzen zituen bertako langilearekin; nor joan zitekeen eta nor ez erabakitzea ere ez da inola ere samurra, «baina guk esan genion sentitzen genuela, baina honi guztiari ez diogula zentzurik ikusten. Gu lanera goazen pertsonak gara, bihar goizean topoa hartu behar dut eta jendez inguratuta joango naiz eta gaur ezin dut, aita hil denean, nire bikotekidea besarkatu?», aipatu digu minez.

Egoera «surrealistatzat» jo du Pikabeak. «Nire amari ezin diot besarkada bat eman, oraindik ez diot eman, ahizpak ezin gaitu besarkatu, umeek berdin, ezin izan dute aitonaren agurrera joan, ospitalean bakarrik egon gara... eta bihar lanera joan behar dut? Horrenbeste neurri hartu ditugu halako egoera batean eta lanera joatera behartzen gaituzte? Zentzugabekeria da hau guztia», gaineratu du.

Telefono dei eta mezuek ordezkatu dituzte besarkadak. Gainera, Errenterian oso gizon ezaguna izanda, makina bat jaso dituzte eta horiek guztiak eskertzeko modua ere topatu ezinik dabiltza. Egoera hobetzean izango du Jesus Marik merezitako agurra.