Indarkeria matxista salaketak erdira jaitsi dira; beldurra izan daiteke arrazoietako bat
Konfinamendua hasi zenetik indarkeria matxistagatik jarritako salaketak erdira jaitsi dira azken bi urtetako datuekin alderatuta. Emakundek dioenez, «jaitsieraren balizko arrazoien artean, erasotzailearekin bizitzen ari diren bitartean emakumeek salatzeko izan ditzaketen zailtasunak eta beldurra izan daitezke arrazoietako bat».
Emakundek adierazi duenez, konfinamendua hasi zenetik indarkeria matxistagatik jarritako salaketak erdira jaitsi dira azken bi urtetako datuekin alderatuta. «Normalean azaleratzen ez diren ezkutuko kasuak identifikatzea zaila dela ahaztu gabe, hala ere, jaitsieraren balizko arrazoien artean, erasotzailearekin bizitzen ari diren bitartean emakumeek salatzeko izan ditzaketen zailtasunak eta beldurra izan daitezke arrazoietako bat», azaldu du.
«Honekin batera, hipotesi hau ere kontuan hartzen da: kontrol sozial handiagoa eta hurbiltasun handiagoa egotea auzokideak alboko etxeetan 24 ordutan daudela jakinda, gainera hiritarrak gai hauekiko gero eta kontzientziatuago dauden une hauetan», nabarmendu du erakundeak.
Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariaren arabera, «funtsezkoa da gizarteak emakumeenganako indarkeriaren aurrean duen zaintza aktiboa mantentzea, are gehiago une honetan. Bakarrik ez daudela eta gutxieneko seinalearen aurrean laguntzeko prest gaudela sentitu behar dute».
Horregatik, indarkeria kasuren bat gertatzen ari dela uste izanez gero, herritarren laguntza beharrezkoa dela azpimarratu du». Era berean, kontuan hartu behar da genero-indarkeriako kasu askotan erasotzailea biktimarekin bizi ez den bikotekide ohia dela, eta une honetan beste etxebizitza batean egongo litzatekeela konfinatuta; hori ere izan liteke salaketen beherakada azaltzen duen faktoreetako bat», ohartarazi du.
Telefono deiak mantendu egin dira
Bestalde, Gizarte Politiken Sailak atzo jakinarazi zuen 24 orduko telefono deiak mantendu egin direla, nahiz eta informazio hutsezko eskaeren aurrean berehalako beharrei buruzkoak igo egin diren, bai eta bisita eta kustodia araubideei buruzko kontsultak ere. Datozen asteetan ikusiko da zein bilakaera izaten duten deiek.
«Bildutako informazioaren arabera, aldundiek ematen dituzten zerbitzuak eta baliabideak alertaren eskakizunetara egokitu direla esan daiteke, baina oraingoz ez dute muturreko egoerarik antzeman, ezta aparteko eskaerarik ere», dio Emakundek.
Emakundek eta Lakuako Gobernuko sailek, aldi honetan, indartu egin dute biktimei, senideei edo profesionalei zuzendutako 24 orduko telefonoari buruzko informazioaren hedapena, bai eta 112 telefono zenbakiari buruzkoa ere, larrialdi kasuetarako; azken honek deskargatu daitekeen app bat du, entzuteko eta ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitua, eta geolokalizazioa ahalbidetzen duena.
«Telefonoen zabalkunde masiboa egin da, eta jardunean dauden saltokiei laguntza eskatu zaie informazio kartel horiek beren lokaletan jartzeko», amaitu du.