Jakina dilema bat dela, eta eztabaida daiteke
Ezaguna da tranbiaren dilema. Balaztarik gabeko bagoi batean zoaz, eta trenbide erdian bost pertsona daude. Harrapatuz gero, bostak hilko dira. Baina eskuetan palanka bat daukazu errailez aldatzeko. Trenbide berrian, ordea, beste pertsona bat dago, eta bidez aldatuz gero, hilko duzu. Hautua egin beharra dago: bost hil edo palanka erabili eta bat hil, bost salbatzeko.
Urte batzuk beranduago dilemari buelta bat eman zioten: tranbiak aurrera jarraitzen badu, bost pertsona hilko dira, baina zu jada ez zaude bagoiaren barruan, errailen gainean dagoen zubi batean baizik. Zure ondoan pisu handiko pertsona bat dago. Zuk tranbiei buruz asko dakizu, eta badakizu, pertsona hori errailetara bultzatuz gero, tranbia etengo dela eta bost bizitza horiek salbatuko dituzula. Hori bai, zuk bultzatutakoa hil egingo da. Zer eginen duzu?
Askok oso garbi izanen dute hautua, baina ez dago erantzun bakarra, justua denari eta ez denari buruz hitz egitera ohitutakoei ulertzen zaila suertatzen bazaie ere. Erabaki orok dauzka, dilema hauetan, saihestu nahiko liratekeen albo-kalteak.
Jarduera ekonomikoa mantendu edo gelditzearen debatean antzeko zerbait gertatzen da. Edozein hautuk dauzka ondorio txarrak. Mantenduz gero, epidemia luzatu eta hildako gehiago izateko arriskua hartuko dugu/dute, ekonomiaren salbazioaren izenean. Jarduera gelditzeak, aldiz, epe luzean sozialak izanen diren ondorio ekonomiko latzak onartzea lekarke, baina horrela hildakoen kopurua jaisteko aukerak nabarmen igoko lirateke. Dilema bat da, atzo Erkorekak kontrakoa defendatu arren, eta erantzuna debatitzea inportantea da, asteazkenean Urkulluk kontrakoa esan bazuen ere.
Kalte txikienaren izenean, palanka erabiltzea eta hildako bakarra mahai gainean jartzea izaten da lehenengo dileman erantzun ohikoena. Zentzuduna dirudi, kasu horretan kalte txikiena zein den argi baitago. Jarduera ekonomikoaren debatean, ordea, zein da kalte txikiena? Enpresak ixtea edo epidemia luzatzea? Gobernatzen gaituztenen erantzuna ezagutzen dugu honezkero.