INFO

Milioi bat kutsaturen mailara heltzeko gertu da koronabirusa mundu mailan

Orotara 940.000 lagun kutsatu ditu koronabirusak mundu mailan, datu ofizialen arabera. Honekin batera, 47.000 lagun dira gaur arte hil direnak 180 herrialdetan. Toki gehienetan neurri zorrotzak ezarri behar izan dituzte.

New Yorkeko Manhattan auzotik maskararekin dabiltza gizon hauek. (Spencer PLATT-GETTY IMAGES/AFP)

Ia miloi bat lagun (940.000) kutsatu ditu koronabirusak mundu osoan. Datu ofizialen arabera, 47.000 lagun hil dira mundu osoan gaur arte. Planeta osoko 180 herrialdetara heldu da gaitza eta toki gehienetan neurri zorrotzak ezarri behar izan dituzte.

John Hopkins unibertsateak egindako ikerketaren arabera, milioi bat kasuetatik gertu gara munduan, azken egunotan izandako gorakada nabarmenaren ondorioz. Egunero 100.000 kasu berri ematen dira. Lehen 100.000 kasuetako mugara heltzeko, ordea, 67 egun behar izan ziren.

Une hauetan, Estatu Batuak dira munduan kasu gehien dituen herrialdea, garai txarrenetan Txinak markatu zuen muga gaindituz. Asiako herrialdean otsailaren 13an 15.000 positibo izan zituzten egun bakar batean. Hortik gora dabiltza orain Estatu Batuak. 

Krisia hasi zenetik lau herrialdek gainditu dute Txinaren maila. Estatu Batuak ezezik Italiak eta Estatu espainolak ere Txinaren aurretik jarri dira sailkapen beltz honetan. Italian 110.000 kutsatu dituzte eta hildakoen kopurua 13.100ekoa da, munduko altuena.

Estatu espainola gaitz honek okerren jo duen hirugarrena da. 104.000 kutsatu daude eta mundu mailan hildako gehien duen bigarrena da, 9.300 biktimarekin. Osatu diren gaixoen kopurua altuagoa da Estatu espainolean Italian baino. 22.000 inguru dira, Gobernu espainolaren datuen arabera.

Txinak gaitza kontrolatu du

Txinak gaitza kontrolatu duela dirudi eta ez du herrialde barneko kasu berririk. Kanpotik etorritakoak dira antzeman dituztenak. Une hauetan 82.000 kutsatu ditu eta 3.300 hildako.

Alemania da kalte gehien jasan duen bosgarren herrialdea, 78.000 kutsatu eta 931 hildakorekin. Ondoren, Estatu frantsesa dator, 58.000 kutsaturekin eta 4.000 hildakorekin. 

Iran atzetik dator, 47.000 positibo eta 3.000 hildakorekin. Ondoren, Britainia Handia dago, aste honetan punturik garaienera heldu delarik. 30.000 kutsatu ditu eta 2.300 hildako.

Bederatzigarren postuan Suitza dago, 17.700 kasurekin eta 488 hildakorekin. Turkia Belgikaren aurretik jarri da sailkapen honetan, 15.600 kutsatu eta 277 biktimekin.