INFO

Genero-identifikazioari buruzko txostenaren ikerketa eremua zabalduko du Zinemaldiak

(H)emen eta 50/50 2025erako elkarteen eskariari erantzunez, genero-identifikazioari buruzko txostenaren ikerketa-eremua zabaltzea adostu du Zinemaldiak. Hemendik aurrera, jaialdira aurkezten diren lanez gainera, Estatu osoan ekoitzitako filmak ere hartuko ditu kontuan.

Eneko Goia eta Jose Luis Rebordinos, txostenaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orain bi edizio egingo zuela iragarri eta iazkoan abiatu zuen Zinemaldiak bere lehen genero-identifikazio txostena. Haren bidez 2019ko edizioan parte hartu zuten filmeetan genero arrakala zein neurritakoa zen aztertu zuen jaialdiak. Lehen hurbilketa egiten zuen txosten hura aurtengo otsailean aurkeztu zuten eta etorkizunera begira ikerketarekin jarraitzeko konpromisoa hartu zuten jaialdiko antolakuntzatik.

Aurkezpenean bertan elkarlanean jarduteko gonbidapena jaso zuen Zinemaldiak (H)emen, ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumezko profesionalen elkartetik, eta proposamen hark erantzuna jaso du jaialdiaren aldetik. Izan ere, Zinemalditik iragarri berri dutenez, (H)emen elkartearen eta 50/50 2025erako, ikus-entzunezkoetan berdintasuna lortzeko lantaldearen eskaerari erantzun eta genero-identifikazioari buruzko txostenaren ikerketa-eremua handitzea erabaki du Zinemaldiak.

Hala, aurtengo ediziotik aurrera txostenak eranskin bat izango du eta bertan Estatu osoan ekoitzitako filmak hartuko dira kontuan, bi sailetan banatuta: EAEri dagozkionak eta gainerako lurraldeei lotuak. 2019ko txostenean hautaketa batzordeak ikusitako filmak eta edizio hartan programatu zirenak hartzen ziren kontuan.

Zinemalditik gogora ekarri dutenez, lehen txosten hartako datuek adierazi zuten emakumezko profesionalen parte-hartzea % 30ekoa dela zuzendaritzan, produkzioan, gidoigintzan, muntaketan, argazkian eta musikan. Ikusitako 3.000 filmetan eta azkenean programatutako 150etan bezala, emakumezko profesionalen parte-hartze txikiena argazki zuzendaritzan eta musika konposizioan edo interpretazioan hauteman zen, eta batezbestekotik zertxobait gora egon ziren gidoigintzan eta produkzioan.

Era berean, gogora ekarri dute 66. edizioan parekidetasunaren eta emakumezkoak zinemagintzan sartzearen aldeko gutunarekin bat egin zutela eta urtero zegokion edizioaren gaineko txostena egiteko konpromisoa hartu zutela. «Zinemaldiaren nahia da ikerlan hori hurrengo urtetan aldaketa esanguratsu bat gertatzeko abiapuntu eta eragile izatea», adierazi dute.