INFO

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira udaberrian ospatuko

Ikastolen Elkarteak eta Seaskak jakinarazi dutenez, Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia ez dira udaberrian egingo, «baina ez dira bertan behera geratuko». Horrela, Senpereko aintziran egiten den besta udazken hastapenean egingo dutela iragarri dute prentsaurreko telematiko batean.

Herri Urratsen aurreko edizio bat. ©Guillaume FAUVEAU

Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen lehendakariak, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eta Beñat Bidegain Herri Urratseko zuzendariak eskaini duten prentsaurreko telematikoan aditzera eman dutenez, «ikastolen alde uda aitzin egitekoak ziren bestak ez dira udaberrian egingo».

Erabakia «saminez hartu» dutela aitortu dute, «dena prest baitzegoen» antolatzaileen esanetan; ordea, Tellituk nabarmendu duenez, «osasun arrazoiak lehenetsi ditugu». Bidegainek zera gaineratu du: «Maiatzerako konfinamendua amaituko balitz ere, ez genuke Herri Urrats maiatzaren 10ean egingo, zeren osasun ikuspegi batetik ez litzateke zentzuzko jarrera izango».

Urtean zehar Euskal Herrian antolatzen dituzten bost jai nagusietako arduradunak eta ikastoletako arduradunak udaberrian egitekoak ziren jaiak beste data batzuetan egitea aztertzen ari direla jakin arazi du Tellituk, baina "konplikatua" dela aitortu du, "udazkenera bitartera baikoaz, eta orduan ere beste bi jai baitauzkagu ikastolok". Edonola ere, "talde mailan erabakiak hartu" ostean, berehala jakin araziko dituztela ziurtatu du Ikastolen elkarteko lehendakariak.

Herri Urrats udazken hastapenean

Aurtengo Herri Urrats, 37. aldiz ospatuko da, baina maiatza ez den beste hilabete batean ospatuko den lehen aldia izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, aldatuko den gauza bakarra data izango da. Ihintza Bidart Herri Urratseko antolatzaileak gogorarazi du senperetarrek «bagoaz» esateko erabiltzen duten esamoldea dela aurtengo goiburua, hau da «Gaki Ke!», eta bere esanetan «bideoklipa ere prest da, data berria jakitean lau haizetara zabalduko dugu, orduan bai esan ahal izango dugu, gaki ke!».

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioarentzat izango dira irabaziak, baina Jorajuriak beste hainbat ikastolei ere Herri Urratsek asko laguntzen diela oroitarazi du, eta zera azpimarratu du: «Herri Urrats egitea ez da hautu bat, behar bat baizik».