ARTgiak erakusketa birtuala zabalduko du gaur arratsaldean 30 sortzaileren laguntzarekin
Bost egunetan 78 proposamen jaso ditu ARTgiak, eta horietatik 30 hautatu ditu ‘ARTdemia’ erakusketa osatzeko. Hori ikusi ahal izango da gaur 20.00etatik aurrera, Gasteizko sorgunearen webgunearen bitartez. Helburua euskal kulturari bultzada bat ematea da.
Gasteizko ARTgia sorguneak pasa den astean deialdi bat zabaldu zuen konfinamenduan zehar sortzaileek euren lanak erakutsi ahal izateko. Bost egunetan 78 proposamen jaso dituzte eta horietatik 30 aukeratu dituzte erakusketa birtuala aurrera eramateko.
«Deialdi publiko bat egiteko gogo handia genuen, hemengo artistei irekia, erakusteko eta Euskal Herrian sortzen dena balorean jartzeko. Tokikoa kontzeptuan lupa altxatzea, kontzeptuari zentzu zabalagoa eskaintzea izan da gure apustuaren xedea», azaldu dute.
‘ARTdemia’ erakusketan parte hartzeko artisten artean gehienak Arabakoak dira (12), zazpi bizkaitarrak dira, lau gipuzkoarrak, eta bi lapurtar eta nafarrak. Marco Sanz artista katalanaren proiektua ere onartzea erabaki du epaimahaiak, «herri honi oso lotuta dagoelako».
Aukeratutako artistei dagokionez, azaldu dute «batzuk konsagratutako artistak dira, Jokin Oregi, Bergarako street art-er, Sortwo bezala ezagunagoa, kasu; Javier Berasaluce argazkilari ospetsuaren moduan ala Edurne Herran Berlinen bizi den artista gasteiztarraren kasuan bezala. Badaude ere etorkizunean –eta dagoeneko– zeresana emanten ari diren artistak ere, tartean Uxue Bereziartua, iF Matxikote edo Barbara Gragirena, adibidez».
Egitasmo hau martxan jartzea erabaki dute eskal kultur ekosistemaren egoera «oso kritikoa» dela konturatzean. Horri aurre egiteko pauso batzuk eman dira gurean. Adibidez, asteburuan kulturarako sektorearteko mahaia bildu egin da eta alarma egoerak kulturan izango dituen ondorioak aztertu dituzte. Bestalde, udal batzuek konpromisoa hartu dute atzeratu egin diren kultur jardueren ordainsariaren %30a aurreratzea.
Hori horrela, ARTgiak uste du garrantzitsua dela sektorea mugitzea, eta horregatik abiatu zuten erakusketa hau, zein gaur 20.00etan aurkeztuko duten sorgunearen webgunearen bitartez.