INFO

36 gaixotu eta bost hildako daude Gasteizko adinekoen egoitzetan

San Prudentzio egoitza da Covid-19ak gogorren kolpatu duen egoitza: bost hildakoak bertatik datoz eta egoiliarren %27ak positibo eman du, 127 lagunetik 34 kasu, hain justu.

San Prudencio adinekoen egoitza da Gasteizko egoitzen artean kolpatuena (GARA)

Gasteizko Udaleko adinekoentzako udal-zerbitzuek 36 koronabirus kasu positibo erregistratu dituzte 359 egoiliarren artean; hau de egoiliarren %10ak Covid-19 gaitza garatu du, eta orain arte kutsatuetatik bost pertsona hil dira.

Udalak larunbat honetan jakitera eman duenez, kasurik larriena San Prudentzio zentroan erregistratu du. Izan ere, 127 erabiltzailetik 34 positibo kasu zenbatu dira; hau da, egoiliarren %27a. Horrez gain, 36 pertsona daude sintomarik gabe prebentziozko isolamenduan infektatuekin kontaktu zuzena izan dutelako, eta beste sei lagunek isolamenduan jarraitzen dute sintomak dituztela-eta, nahiz eta testean negatibo eman duten.

Orain arte, Covid-19k bost pertsona hil ditu egoitza horretan.

Los Molinos eta Aurorako etxebizitza komunitarioetan, berriz, infekzio ratioa askoz ere baxuagoa da orain arte. Hala, 59 erabiltzailetik egoiliar bakarra dagoela kutsatuta eman dute aditzera Udal zerbitzuek.

Are nabariago ikusten da Udal sareko adinekoen apartamentu babestuei dagokien azterketan; izan ere, 173 egoiliar egonik, erabiltzaile kutsatu bakarra baitago.

Jon Armentia Gizarte Politiken, Adinekoen eta Adin txikikoen zinegotziak doluminak eman dizkie hildako bost pertsonen familiei, eta eskerrak eman dizkie, bestalde, «Udaleko langileak gure adinekoak babesteko egiten ari diren ahaleginagatik, bai eta egoiliarrek beraiek uneoro helarazten dizkiegun jarraibideak betetzeko egiten ari diren ahaleginagatik ere».