INFO

Belarritik eztarrira, erraiak tarteko


Inoiz ez bezala hunkitu ninduen atzoko Aberri Egun ezohiko eta xelebreak, errai eta bihotz, belarritik eztarrirainokoak. Aberri ama negarretan entzun nuen. Oso penatzen naute gaixotasun berri horrek jota asteotan betirako joan zaizkigun aberkideek, gehienak bakardadean, agurra emateko aukerarik gabe. Horiei guztiei dolua erakutsi eta osasuna enkomendatzeko isilune adierazkor betean zeuden balkoiak, eme eta ar, gazte eta zahar, jendez lepo. Ona eta osasungarria da mina adieraztea, indartu egiten du. Izan ere, eriak eta herioak gogor kolpatu dute Euskal Herria, astinaldia latza izan da, eta hunkipena entzun zitekeen “Txoria txori” kantatu zuen herriaren ahotsean. Ohoratu eta agurtu genituen gaixotasunaren aurrean, kaparen ordez mantal zuria daramaten heroi egin gabe, herritarrak zainduz, lehen lerroan ari direnak. Bihotz eta errai, belarritik eztarrira, giza jende korrientea balkoietan kantari, umiltasunaren edertasuna adieraziz, hau ere pasako dela eta aterako garela, pobretuago agian, baina ongi jaioak beti-beti eta beteki.

Aberri Egun handia izan zen atzokoa, azken urteetan ezagutu den handiena. Mugak urratu zituen, posible denaren muga pasatu zuten milaka aberkidek, ezberdintasunen gainetik elkarturik, amets eta aspirazio sakonagoen bizitza duin baten alde. Esperantza eta memoria bat berreraikitzeko kantatu genuen, askatasun ukatuari. Belarritik eztarrira, erraiak tarteko. Gure herriaren promesak loratzeko lur partekatu bat ongarritu eta adostasunak sendotu ziren “Txoria txori” abestean.

Esperantza ez da optimismoa, ezta fedea ere. Esperantza aukera bat da, jarrera bat, borondatezkoa eta maitasunezkoa. Eta balkoietan, belarrietatik eztarrira, bihotzetik eta erraietatik pasatuta, esperantza partekatu bat zain dugula kantatu genuen, egin genuen ikusgarri, aberriaren alde egin ahal dugun on guztia, egin ahal dugun aldi guztietan, egiten badugu. Gure jendea zainduz, presoak askatuz. Gure mundua zitalkeria gutxiagoz eta gure denbora arintasun gehiagoz eraikiz.

Ez da oztoporik gabeko ekina izango, ez da inoiz izan. Barnerako elkarrizketa beharko da, okotza altxa eta urrutiko gogo-mira, berezkoa dugun irauna, erresistentzia, eta batez ere denen artean egitea. Denontzat izango bada, berdinen eta libreen herria izango bada gure Euskal Herria, denen beharra egongo da. Banatuta ezina dugulako eta, batuta, etekina.

Denbora zailak ez dira betirako. Ez dakigu oso ondo nola, baina herri bezala aterako gara honetatik ere, bai. Agian ez dugu herria ezagutuko, ez behintzat orain arte ezagutu dugun bezala. Asko aldatuko gara gu ere, pertsona bezala. Zailtasun eta aukera berriak etorriko dira, baina geureari eutsiko diogu, aberriaren alde beti, aberria biziz beteki. Eta esperantza berreraikitzeko kantatzen segituko duen herria izango gara, belarritik eztarriraino, erraiak tarteko.

2020ko Aberri Eguna salbuespen egoera batean ospatu arren, ez dadila salbuespen bat izan. Atzo, balkoietan kantari, hunkikor eta ikusgarri egin zen batasun eta zentzu komunitarioaren oihartzuna entzun dadila geroan belarritik eztarriraino, erraiak tarteko: Gora Euskal Herria askatuta! Aberria eta bizi!