INFO

Hamabi pertsona hil dira azken orduetan Gipuzkoako erresidentzietan

Gipuzkoako adinekoen zentroetako azken balantzearen arabera, azken orduetan 12 pertsona hil dira, 17k eman dute positibo Covid-19aren frogan eta bi pertsona sendatu dira. Gipuzkoan, guztira, 7.000 lagun artatzen dira 240 zentroetan.

Eibarko Egogain erresidentzia. (Raul BOGAJO/FOKU)

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, gaur arte, Gipuzkoako erresidentzietako 28 lagunek jaso dute alta, 111 zendu dira eta 305 kasu positibo daude orotara. Hamabi pertsona hil dira azken orduetan, Eibarko Egogain, Zumaiako Otezuri, Arrasateko Iturbide, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Donostiako Berra egoitzetan. 16 izaten jarraitzen dute Covid-19 kasu positiboak dituzten adineko pertsonen egoitzak, 37 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman dira eta 35 ospitaleratuta daude.

Bestetik, desgaitasuna duten pertsonen egoitzen egoerari dagokionez, Hondarribiko Uliazpiren zentroan positibo emandako 13 pertsonak sendatu dira dagoeneko, eta egoitza horretan jada ez dute kasu positiborik. Desgaitasuna duten pertsonen bi egoitzak dituzte kasu positiboak, Donostiako Uliazpiren zentroa kasu bakarrarekin, eta Donostiako Iza egoitza birekin, azken orduetan kasu positibo berri bat atzeman ondoren.

Eider Mendozak gizarte zerbitzuen arloko Txoke Planaren baitan martxan jarritako neurrien errepasoa egin du gaur, «Covid-19ak sortutako egoerei modu partekatu, koordinatu eta estrategikoan erantzuna bilatzea helburu duena, eta zazpi lan-ildo eta 50 ezohiko neurriz osatuta dagoena». Gogorarazi du, gainera, hartutako neurriak baliabide bakoitzaren jarraipen indibidualizatuan oinarritzen direla; era horretan, Aldundiak gaixotasunaren eboluzioaren monitorizazioa egiten du, eta material eta formakuntza beharrak ere jasotzen ditu, besteak beste.