INFO

Botere guztiak nahi ditu Kanbodiako agintariak koronabirusaren aitzakiarekin

Koronabirusaren aitzakiarekin, Kanbodiako Parlamentua botere guztiak Hun Sen lehen ministroaren eskuetan uzteko legea onartzen ari da. Setiopean dagoen oposizioak eta giza eskubideen erakundeek kezka agertu dute.

Hun Sen lehen ministro kanbodiarra prentsaurrean. (TANG CHHIN SOTHY-AFP)

Kanbodiako Senatuak apirilaren 7an aho batez onartu zuen eta Kongresuak bihar bertan bedeinkatuko duen «Larrialdi egoeran den Herrialdea gobernatzeko lege» berriak Gobernuaren kontrolpean uzten ditu telekomunikazioak eta komunikabideak. Bide batez, herritarren mugimenduak murrizteko eta norbanakoen jabegoa desjabetzeko aukera ematen dio Gobernuari.

«Gu benetan harritzen gaituena askatasunaren eskubideen eta eskubide politikoen aurkako erasoa da», deitoratu du Mu Sochuak, oposizioaren aurpegi ezagunenetarikoak eta Kanbodia Erreskatatzeko Alderdi Naizionalaren (CNRP) presidente ohiak.

CNRP alderdia legez kanpo utzi zuten 2017an eta agintari gehienak kartzelan edota erbestean daude, Mu Sochua tartean. Legez kanporatzeak Parlamentuaren eserleku ia guztiak eskuratzeko aukera eman zion, 2018ko hauteskundeetan, Hun Sen lehen ministroak 1985. urtetik zuzentzen duen Kanbodiako Herriaren Alderdiari (PPC).

Ehungintza kinka larrian

Bertako osasun sistema kaskarra ahaztu gabe (122 kasuren berri eman dute baina ia ez da testik egin), eragin ekonomikoaren beldur dira Kanbodian.

700.000 langile dituen ehungintza sekulako jipoia jasaten ari da, alde batetik Txinak ez diolako lehengaiez Hornitzen eta, bestetik, AEBetatik eta Europatik eskaerek lurra jo dutelako. «Fabrikak ixten direnean kalera aterako diren langileen aurka egiteko behar du lege hori», oposizioaren esanetan.