INFO

Kulturgileei laguntzeko 2,5 milioi euroko funtsa onartu du Lakuak

Kultur langileak izan dira Lakuaren arreta jasotzen azkenak. Asteazken honetan iragarri dute Bingen Zupiria eta Beatriz Artolazabalek 2,5 milioi eurotako funtsa bideratuko dutela alarma egoerak irauten duen artean sektoreko langileei laguntzeko. Ez dute esan, ordea, alarma egoera altxatzean zer gertatuko den. Laguntzak gehienez 6 hilabeterako izango dira.

Artolazabal eta Zupiria, programaren iragarpen prentsaurrekoan. (NAIZ)

Covid-19aren hedatzea gelditzeko hartu diren neurriek gogor kolpatu dute kultur sektorea. Instituzioek jarduera ekonomikoaren etetea iragarri aurretik itxi zituzten aretoek euren arteak, ekonomiaren aurretik osasuna hobetsiz. Kontrara, kultur arloko langileak izan dira Lakuaren laguntza jasotzen azkenak, nekazaritza eta arrantza alorrekoen ondoren.

Asteazken honetan bertan iragarri dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikoetako sailburuak 2,5 milioi euroko funtsa bideratuko dutela alarma egoerak irauten duen artean kultur sektoreko langileei laguntzeko. Artolazabalek azaldu duenez, ‘Kulturako profesionalei laguntzeko programa’-ren bidez, ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileek aurreko urteko PFEZn aitortutako diru-sarrera garbien hileko bataz bestekoaren %70 eskatu ahal izango dute. Gehienez, 1.200 euro.

Laguntza eskatu ahalko duten jardueren artean leudeke zuzenean sorkuntzari lotutakoak zein sektoreari dagozkionak, musika-edizio jarduerak, museoetako ondare jarduerak edota musika-tresnen fabrikazioa tartean.

Zehaztu dutenez, programa Lanbideren bidez kudeatuko da, onuradun izateko adin nagusikoa izan behar da eta jarduerak bertan behera utzi behar izan dituzten profesionalei dago zuzendua. Jarduera azken hilabeteetan abiatu dutenen kasuan, inprimaki berezi bat aurkeztu beharko dute. Epeei begira, programaren abiatze data martxoaren 13koa izango da  (alarma egoera dekretatzearen atarian) eta kultur emanaldiak publikoarekin baimenduko diren hilabetearen azken egunera arte egongo da indarrean. Nolanahi ere, laguntzan gehienez 6 hilabetez eskainiko dira. Programa abian jartzeko prozedura-arauak (inprimakiak, epeak…) «datozen egunetan» ezagutaraziko dituztela gaineratu eta helburua ekimena apirila amaitu aurretik indarrean egotea dela esan dute.

Alarma egoeraren ostean, zer?

Zupiria eta Artolazabalek ez dute sektoretik eskatu den zergen eteteaz ezer esan. Ez dute argitu, ezta ere, zer gertatuko den behin alarma egoera altxata. Sortzaile eta kulturgileen kezka handiena etorkizun hurbilean dago, agerikoa baita kultur arloa izango dela ‘normaltasunera’ itzultzen azkena eta zehazteke daude ze baldintzapean abiatuko dituzten jarduerak. Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Zupiriak esan du «hurrengo pausoak zeintzuk izango diren pentsatu» egin behar dutela eta horretarako sektorearen elkarlana (beharrak identifikatzeko elkarteetara inkesta bat bidali dutela esan du) beharko dutela. Alarma egoera altxata ere hainbat jaialdi bertan behera geratu direla eta ez direla berreskuratuko onartu du Zupiriak, eta zuzenekoen kasuan aretoetan sartzen den jende kopurua jaisteaz gainera maskarak erabili eta bestelako neurriak hartu beharko direla ere aurreratu du. Ikusteke dago neurri hauek nola eragingo duten kontsumo ohituretan.