INFO

Setioa hautsi ondoren, Libian bakea negoziatzeari uko egin dio Tripoliko Gobernuak

Koronabirusa baliatu zuen Haftar mariskalak Tripoliren aurka erasoaldia areagozeko. Porrot egin ondoren, atzera egin behar izan du. Indartu egin den Al-Sarraj lehen ministroak iragarri du hemendik aurrera ez duela bakerik negoziatuko.

Turkiako Armadaren ibilgailuak Sorman hirira sartzen. (Mahmud TURKIA | AFP)

Batasun Nazionaleko Gobernuko buruak (GNA), Fayez al-Sarrajek, Jalifa Haftar mariskalarekin ez duela negoziatuko iragarri du bere miliziek, Turkiaren sostenguarekin, Tripoliren aurkako setioa arintzeko egiten ari diren kontraerasoaren erdian.

«Ez naiz Haftarrekin berriro eseriko (negoziazio mahaian), libiarren aurka egin dituen sarraskiak eta krimenak kontutan hartuta», azaldu du Nazio Batuen Erakundearen babesa duen GNAko lehen ministroak.

Al-Sarrajek su-etena eta menia humanitarioa onartu zutela gogoratzen du, baina bitartean, eta koronabirusaren krisia aprobetxatuz, Emirererrien, Errusiaren eta Egiptoren laguntza duen mariskalak Tripoliren aurkako erasoaldia areagotu egin zuela salatu du.

Erasoaldi honek, ostera, porrot egin du aste honen hasieran. GNAren alde borrokatzen ari diren miliziek Sorman eta Sabratha hiriak berreskuratu dituzte, itsasertzean Tripolitik mendebaldera 60-70 kilometrotara daudenak, Tunisiako mugaraino erdi-bidean. Tripolik interneten argitaratu dituen argazkietan atzemandako blindatuak. Grad jaurtigailuak eta ibilgailu militarrak ageri dira.

Haftarrekin bat egin zuten milizia salafistek zuten bi hiriok kontrolpean. Sei ordu baino ez zituzten behar izan GNAkoek handik botatzeko. Horretarako Turkiako Armadak eskaini dizkien dronak, doitasun-artilleria armak eta koordinazio aholkuak ezinbestekoak izan dira.

Horrela, bada, Haftarren Armadak mendebaldeko itsasertzearen kontrol osoa galdu du, Jalal Harchaoui Hagako Clingendael Institutuko ikertzaileak nabarmendu duenez. Duela hilabete batzuk Gharyane-ko atzealdeko basea galdu zuen eskualde horretan mariskalak.

Eta hori guztia gutxi balitz, GNAren kontraerasoak hegoaldera dauden hainbat herri berreskuratu ditu azken egunetan, tartean al-Ajaylat, Regdaline et al-Jmeil herriak.

Misratan ere porrota

Bitartean, Tripolitik ekialdera, Sirte eta Misrata hirien artean dagoen Abou Grein herri estrategikoa kontrolpean hartzeko Haftarren erasoaldiak porrot egin du eta GNAko miliziek berreskuratu dute, Turkiako dron militarrei esker.

Sirte bere eskuetan du mariskalak urtarriletik eta Abou Grein gune estrategikoa da Misratari erasotzeko. Misratako portua, bere garaian otomandar inperioak Afrikan zuen garrantzitsuena, Tripoliren aliatua da eta 2011an poteretik bota zuen Gadafi koronalaren kidea zen Haftar gorroto du.

Porrot militarren ostean, mariskalaren Armadak dozenaka kohete jaurti ditu Tripoliren kontra, batez ere Mitigako aireportutik gertu dauden auzoetara, hiru hildako eraginez.

Emirererrien hegazkinek GNAko zortzi kide hil dute Tunisirekin mugan dagoen Gadu herriaren aurkako aire erasoan, Nafusako mendi katean..