INFO

Steilasek Nafarroako ikasturte hau amaitzeko eta datorrenerako neurriak eskatu ditu

Steilasen ustez, neurri batzuk «ezinbestean eta berehala» hartu behar dira hezkuntzaren esparruan, bai hiruhilekoa amaitzeko, ordezkapenak edo egindako lanaren ebaluazioa egiteko, besteak beste, bai datorren ikasturterako, giza baliabideetan eta teknologian inbertsioak eginez. Gainera, krisia «politika birzentralizatzaileei ekiteko» baliatu behar ez dela azpimarratu eta Hezkuntza Ituna bete behar dela gogoratu du.

Sindikatuen elkarretaratzea, otsailean, Hezkuntza Ituna betetzea eskatzeko. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azkeneko orduetan Isabel Celaá Hezkuntza Ministroak, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak eta Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak iragarri dute ikasturtea ekainaren 30ean amaituko dela eta ikasle gehienek promozionatuko dutela. Hala ere, Steilas sindikatuaren iritziz, badira ezinbestean eta berehala hartu beharreko gutxieneko neurriak, oraindik zehaztu gabe dauden alorretan.

Horrela, ikasturte amaierari behar bezala aurre egiteko eta hurrengoa ongi prestatzeko, sindikatuak hurrengo proposamenak azaldu ditu prentsa-ohar baten bidez.

2019-20 hirugarren hiruhilabeterako

Steilasek ordezkapen guztiak bete behar direla nabarmendu du, indarrean dagoen araudiak agintzen duen moduan. Izan ere, langile faltak «ikasleen arreta larriki kaltetzen» duela eta «gainerako irakasleen lan zama handitzen» duela azaldu du sindikatuak. Gainera, lan zama hori nabarmen handitu da jada, urrutiko hezkuntzaren ondorioz.

Martxoaren 16an irakaskuntza presentziala bertan behera gelditu zenetik, oso ordezkapen gutxi egin direla eta Plazen Esleipen Telematikoak (LET) funtzionatzen ez duela salatu du Steilasek. Horri aurre egiteko, LET abian jartzea exijitzen du, eta halaber uztailean eta abuztuan kobratzeko beharrezkoak diren lan egindako egunen kopurua jaistea.

Steilasek egiaztatu du ebaluazioa funtsezkoa dela «ikasleen, taldeen eta ikastetxearen diagnostiko ona egiteko». Horregatik, urrutiko hezkuntzan egindako lan guztia ebaluatu egin behar da, sindikatuaren iritziz.

Era berean, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari «zehaztasuna» eskatu dio urrutiko hezkuntzaren egoerak ebaluazioan nola eragiten duen azaltzerako orduan, tresna informatikoak egoera berrira egokitu behar direla (EDUCA) azpimarratu du, eta irakasleek ebaluatzeko eta dokumentu guztiak idazteko denbora gehiago eskatu du.

Ildo horretan, online lanerako gaikuntzaren profilaren egiaztapena eskatu du gaitasun telematikoa erakutsi duten irakasleentzat.

Gainera, Steilasek 0-3 zikloa artatzen ari ez dela kritikatu du, krisi honek zikloa Hezkuntza Departamentuaren barnean egoteko beharra agerian utzi duela gaineratuz. Horrela, «hezitzaile guztiek ikasleak eta familiak atenditu lituzkete, eta ez lituzkete jasanen Aldi baterako Enplegu Erregulazioaren Espedienteen edo langabeziaren ondorioak, gertatzen ari den bezala», azaldu du.

Era berean, krisia «politika birzentralizatzaileei ekiteko» baliatu behar ez dela azpimarratu du, baizik eta «autogobernurako gaitasuna handitzeko eta Nafarroa Garaiaren hezkuntza beharrei erantzun azkar eta eraginkorrak emateko». «Logika kapitalistatik urrun dagoen beste hezkuntza eredu bat behar dugu», gaineratu du.

2020-21 ikasturterako

Steilasen iritziz, «inoiz baino beharrezkoagoa» izango da ratioak jaistea eta biloizketak nabarmen handitzea, hala nola pedagogia terapeutikoko, entzumeneneko eta hizkuntzako, gutxiengoetako eta abarretako irakasleak .

Datorren krisi ekonomikoari begira, sindikatuak, datorren ikasturtearen hasieratik, Hezkuntza Departamentuak kasle guztiek ekipamendu informatiko eta Interneteko konexio egokiak izanen dituztela, lineako hezkuntza garatzeko, bermatuko beharko duela nabarmendu du.

Urrutiko hezkuntzak azkartu du Google multinazionalaren jabetzako tresna informatikoen erabilera, eta, milioi askoko irabaziak izan arren, enpresa honek ez du ia zergarik ordaintzen Steilasen esanetan. Horregatik, ezinbestekoa ikusten du Nafarroako Gobernuak lineako hezkuntzarako plataforma publiko eta libre bat garatzea, beharrei moldatua, eta «haren garapenaren onura ekonomikoak gure erkidegoan gelditzeko».

Azkenik, sindikatuak Hezkuntza ituna bete egin behar dela azpimarratu du. Izan ere, 57 urtetik gorako irakasleentzako ordu-murrizketa eta aurreikusitako gainerako neurriak 2020-21 ikasturtean ezarri behar direla gogoratu du. Horretarako, ezinbestekoa ikusten du gutxienez Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6ko inbertsiora iristea Hezkuntza Publikoan, eta ekimen pribatu segregatzaileak diruz laguntzeari uztea.