INFO

Arrantzarako egindako Covid-19aren aurkako protokoloaren gabeziak salatu ditu LABek

Lakuako Gobernuak arrantza alorrean Covid-19aren aurka prestatu duen protokoloaren gabeziak salatu ditu LAB sindikatuak, eta neurri zehatzak proposatu ditu langileen segurtasuna bermatzeko.

Hondarribiko portua. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Gasteizko Gobernuak arrantzarako egindako Covid-19aren aurkako protokoloaren gabeziak salatu ditu LABek antxoaren kanpainaren atarian. Arrantzako azpisektore honen flota 53 itsasontzi eta 700 arrantzale inguruk osatzen dute Gipuzkoan eta Bizkaian.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Lakuak egindako protokoloak «ez dio erantzuten sektore honek historikoki izan duen eta Covid-19arekin asko larritu den arazoari, hau da, arrainaren salmenta prezio baxuari». Egoera honen aurrean, Lakuak «sektore honekiko erakutsi duen sentsibilitate eza» kritikatu du LABek, eta  arrantzaleen segurtasuna eta lan baldintzak hobetuko lituzketen neurriak proposatu ditu.

Hala, itsasontziak irten aurretik desinfektatuak izan daitezela, eta arrantzaleek behar dituzten NBEak izan ditzatela aldarrikatu du, eta itsasoratzea era mailakatuan egin dadila. Era berean, itsasoratuko diren arrantzaleei Covid-19aren testak egitea eskatu du, eskifaiaren artean egon litezkeen kutsatze arazoak saihesteko, eta kontzientziazio neurriak hartu behar direla azpimarratu du.  

Arrantzaleen lan egunak mugatzea ere proposatu du. «Lan egun hauek, asteleheneko 10.00etatik osteguneko 12.00etara izatea proposatzen dugu», esan du LABek, eta harrapaketen salmenta ez dadila enkantean egin eskatu du. «Honek, ordu berean karga-deskargak egitea eta portuko langile, arrantzale eta erosleen aglomerazioak eragiten dituelako, honek dakarren arriskuarekin», gaineratu du.

Harrapaketen salmenta itsasontziak lehorreratu aurretik egitea babestu du sindikatuak; «prezio justu batean, espeziearen tamaina, harrapaketak suposatzen dituen kostuak, eta azken bi urteetan izandako prezioaren batezbestekoa kontutan izanda». Eta arrainen banaketa itsasontzitik erosleari, eta arrain freskoaren salmenta puntuetara eta kontserba fabriketara eramango dituen garraioari «zuzenean egin ahal izatea» proposatu du.  

Amaitzeko, azpisektorearekin erlazionaturik dauden saregile, neskatila eta kofradiako langileek behar dituzten NBEak izatea aldarrikatu du, beraien lana egiten duten bitartean segurtasun eta osasuna bermatuta izateko. Eta kofradiak, «azpi sektorearen zerbitzura dauden instituzio bezala», lan guztien erregulazioaren arduradunak izatea.

«LAB sindikatutik ziur gaude inplikatuk dauden administrazioek arazo honi behar bezala aurre egiteko nahia izango balute, aurretik aipaturiko neurri guztiak aplikatuko zituztela. Beraz, arrantzaleen osasunak arduratzen badie, hemen aipaturiko neurriak lehenbailehen aplikatzeko exijitzen diegu. Aldi berean, Covid-19ak sortutako egoera honek jarraitzen duen bitartean neurriak mantendu eta egoeraren aldaketak edo espeziearen kudeaketak horrela eskatuko balute, beharrezkoak diren moldaketak egin ditzatela, betiere arrantzaleen osasuna lehenetsiz», ohartarazi du.