INFO
Entrevue
ZIGOR IBARZABAL
IKASTOLEN ELKARTEKO HEZKUNTZA ARDURADUNA

«Positiboa da ikastetxeei ebaluazio propioa egiteko aukera ematea»

Gakoa irakasleak egiten duen jarraipena da Ibarzabalentzat. «Anitza da gure komunitatea eta familia eta ikasle bakoitzaren beharrei erantzun behar diegu. Beti bezain gertu sentitu behar gaituzte eta hori distantziatik egitea ez da erraza», adierazi du.


Ikastolen Elkarteak ongi baloratu du EAEko Hezkuntza sailburuaren plana. Edukiaz gain, Madrilek planteatutako markotik kanpo egotea txalotu du.

Planaren zein balantze egiten duzue?

Egoki ikusten dugu inork ez errepikatzea etxealdiaren ondorioz eta erabaki hori ikastetxe bakoitzaren eskuetan egotea. Ongi iruditzen zaigu, halaber, ikastetxe batek ikasle batek errepikatu egin behar duela erabakiko balu ikuskaritzak erabaki hori aztertzea. Garrantzitsua da hezkuntza errefortzuak, norbanako planak eta curriculum egokitzapenak aurreikusita egotea, edozein arrazoirengatik ikasketa prozesua jarraitu ezin izan duten ikasleentzat. Ekitateari begira, arreta berezia eman behar zaie egoera ahulenean daudenei.

Positiboa da ikastetxeei ebaluazio propioa egiteko aukera ematea ere. Uste dugu ebaluazio hezigarri bat egiteko agertoki egoki baten aurrean daudela.

Ohiko probak egiteko zailtasunak izango dira. Horregatik, hiru hilabetetan jasotako erregistroak eta emandako feedback-ak gailendu behar du, eta probak ordezkatuko dituzten baliabideak aztertu behar dira. Ikasleak ikastetxeetara itzultzeari buruz, egokia da gradualki izatea, eta itzultzen diren lehenak jokoan zerbait dagoen ikasturtekoak izatea.

Oporren ondotik, nola ekin diozue berriro ikasturteari?

Opor aurreko egoera parekoan gaude, parekoa diot izandako esperientziatik dagoeneko asko ikasi dugulako. Honek beste ziurtasun bat ematen digu ikasleekin egin beharrekoetan, irakasleen arteko koordinazioan eta baita ikastola eta ordutegi antolaketan ere. Harremanetan jarri nahi dugu fokua, ikasketa prozesu arrakastatsu baterako ezinbestekoa delako norbere buruarekin eta ingurukoekin ondo egotea. Irakasleak egiten duen jarraipenean dago gakoa; anitza da gure komunitatea eta familia eta ikasle bakoitzaren beharrei erantzun behar diegu, horregatik tutoreen gertutasuna, irakasleen presentzia sumatu behar dute ikasleek.

Zein da egoera? Nola aldatzen da adinaren arabera?

Harremanak lantzeko zein ikasketekin jarraitu ahal izateko ezinbestekoa da familiak gailu teknologikoak izatea, baita konektagarritasuna izatea ere. Hasierako lana hori bermatzea izan da. Plataforma eta aplikazioak ezagutzea ere beharrezkoa izan da. Horretarako ikasle zein irakasleentzako bideo tutorialak, online formazioak… antolatu ditugu.

LH4tik DBH4ra bitarteko ikasmaterialak digitalizatuta ditugu. Horrek lagundu digu. Batxilergoan moodle plataformen erabilera sustatu izan dugu eta ikasleen konpetentzia digitala garatzen joan gara urtez urte. Hortaz, ikasle-irakasle elkarrekintza bermatuta dago.

Adin txikienekoekin egoera beste bat da. Elkarrekin aritzeko ezinbestean gurasoen laguntza behar izaten dugu. Ikastolaren arabera ere egoera ezberdina da. Batzuek lehendik ere bazituzten site, blog eta web orriak ikastolaren eta familien arteko komunikaziorako, eta horrek asko lagundu digu.

Zer kezka, beldur, eskaera dituzte familia eta haurrek? Eta irakasle eta langileek?

Ziurgabetasuna da sentsazio nagusia. Ezjakintasuna dago hainbat gaitan eta horrek antsietatea sortzen digu. Ebaluazioaren gaia esaterako pil-pilean dago eta etapaz etapa gaia lantzen ari gara. Ebaluatzea ez da kalifikatzea, baizik eta ikasturte osora zabaltzen den prozesu bat. Ebaluazio hezitzailean fokua jartzen ari gara. Kezka eta beldurrak ez dira bakarrik maila akademikoan azaltzen. Honek guztiak izan dezakeen eragin psikologikoa ez dugu ezagutzen eta hor ere arreta jarri behar dugu. Nola lagundu ahal diegu gure komunitateko kideei aurrera begira?