Usurbilek Zumetari omenaldi txikia egin dio, merezi duen ekimen handia noiz prestatu zain
Usurbilen 70ko hamarkadan jarri zuten zeramikazko mural handiaren parean loreak pilatzen joan dira egunean zehar. Lehenak herritarrak izan dira, eta gero Udala batu zaie. Omenaldi handirik egin ezin den une honetan, Jose Luis Zumeta artistari agur esan nahi izan diote bizilagunek.
Artista handia izan zen Jose Luis Zumeta, eta handia zelako omenaldi handia egin nahi diote bere herriko alaba eta semeek. Hala ere, egun bizi dugun egoera honekin ezinezkoa da eta, horregatik, merezi duen gorazarrea egin ahal izateko garai hobeak iritsi bitartean, Udalak ekitaldi txikia prestatu du gaur arratsaldean.
Udal talde guztiek bat egin dute omenaldiarekin, eta lore eskaintza bateratua egin dute –zinegotzi bakoitzak lore bana eramanez– Zumetaren zeramikazko muralaren parean. Ordurako herritar batzuk bertatik pasatuak ziren eta, jada, lore sorta batzuk bazeuden.
Zumetak Usurbili eta Euskal Herri osoari eman zion guztia eskaintzeko moduan, asteburuan ekimen birtual bat deitu du Udalak. «Lehenik eta behin, usurbildarrei Zumeta agurtzeko modua eskaini nahi die Udalak. Besteak beste, JoxAnton Artze edo Mikel Laboa hil zirenean bezala, liburu zuri bat eskainiko die, konfinamendu garaietara egokitua: nahiago duten formatua erabiliz, euren mezuak Udalari helaraztea eskatu dute, asteburuan bertan», adierazi dute.
Hala, herritarrek argazkiak, testuak, marrazkiak, bideoak... nahi dutena igorri ahalko dute posta elektronikoz (komunikazioa@usurbil.eus). Mezu guztiak elkartu eta bideo batean erakutsiko dituzte datozen egunetan.
Bestalde, osasun krisialdia igarotzen denean artista estimuan zuten pertsona guztiak elkartu ahal izateko omenaldi handia prestatuko dute.