Arrakala digitala leuntzeko plana bukatzen ari da Lakua, ikasgelak martxotik itxita daudenean
Hilabete eta erdi igaro da ikasgelak itxi zirenetik. Etxeak bilakatu dira ikasgela eta internet konexioa zein ordenagailua ezinbesteko gailua bihurtu da. Lakua 3.000 adin txikikori laguntzeko plan bat bukatzen ari da. Tolosan edo Errenterian udalek aurrea hartu dute beharrizanak zituzten ikasleak ordenagailuz hornitu dituzte.
Arrakala digitala leuntzeko asmoz, Lakua eta hirugarren sektoreko hamar bat enpresa plan bat garatzen ari dira eta jada azken fasean daude. Honen asmoa da beharrizanak dituzten 3.000 adin txikiko internet konexioz edo ordenagailuz hornitzea, formakuntzarekin aurrera jarrai dezaten.
Jada hilabete eta erdi pasatu da EAEko ikastetxe guztiek ateak itxi zituztenetik. Hilabete eta erdi honetan etxeak bilakatu dira ikasgela eta irakasgaiak jarraitzeko beharrezko suertatu dira internet konexioa eta ordenagailua.
Bada, hilabete eta erdi beranduago Gasteizko Gobernua arrakala digitala leuntzeko plan bat bukatzen ari da. Gogoratu behar da Tolosa edo Errenteriako udalek beraien kabuz egin zutela herriaren lanketa eta beharrizanak zituzten ikasleak internet konexio eta ordenagailuz hornitu zituzten.
Tolosan pasa den astean 25 familiei banatu zitzaien gailu informatikoak eta Errenterian martxoaren bukaeran 120 familia inguru lagundu zituzten.
Milioi bat euroko aurrekontua
Lakuak programa hau onartzea espero du hurrengo Gobernu Batzordean, 'Aukerak suspertzen-Aukerak berreskuratzen' izena ezarri diote planari. Oraindik itxi gabeko aurrekontua du, baina milioi bat euro ingurukoa dela kalkulatzen dute.
Programa hau koronabirusaren pandemia baino lehen ere «desabantaila sozialean» zeuden adin txikikoei zuzenduta dago. Aurrez aurreko klaseen etenak zailtasun erantsia ekarri dio ikasketa prozesuari.
Ekimen honek eskolaz kanpoko laguntza edo hezkuntza indargarria eskaintzen die, eremu komunitarioan (ikasgelatik kanpo, aurrez aurrekoa edo birtuala). Formazio prozesuan laguntzeko jarduera tradizionalak sartzen dira, baita ikasgelatik kanpoko hezkuntza errefortzukoak ere, bai adingabeei bai gurasoei zuzenduak.
Urkulluren bisita
Iñigo Urkullu lehendakariak Agintzari enpresaren egoitza bisitatu du astelehen honetan, Deustun (Bilbo), ekimen honen parte den hirugarren sektoreko kooperatiba bat da hau. Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua, ere bertaratu dira, besteak beste.
Ekitaldian Mikel Gorostizaga Agintzari enpresako zuzendari nagusiak ere parte hartu du, eta nabarmendu duenez, «lehen fasean, programa honek laguntza behar duten adingabeen eta familien kopurua detektatuko du, etorkizunean eskola porrota ahalik eta txikiena izan dadin jarduera eremua gehiago zehazteko».
Bisitan zehar, Urkulluk bideokonferentzia bidez Bogan taldeak garatzen dituen programetan lan egiten duten dozena bat profesionalekin konektatu du. Agintzari, Zalbaduz eta Hirube kooperatibak barnebiltzen ditu talde honek. Agintzari da enpresa nagusiena. 720 langile ditu eta iaz 29.000 familiei eskaini zien arreta.
Urkulluk goratu egin du ekimen horrek dakarren lan eredua eta lankidetza publiko-pribatua, eta eskerrak eman dizkie egungo osasun krisian «jarrera proaktiboa» duten profesionalei, «funtsezko ekarpena» baita EAErentzat.