INFO

Protesta gero eta bortitzagoak, birusak krisi politiko-ekonomiko larria areagotu duen Libanon

Konfinamendua hautsi eta manifestariek kalera irteten jarraitzen dute egoera ekonomiko larria salatzeko eta benetako aldaketa politikoa exijitzeko. Koronabirusak krisia areagotu egin du. Libano ordain-etendura egoeran dago, monetak (liberak) ez du deus balio, kapitalek ihes egiten dute eta bankuek ez dute dirurik ateratzen uzten. Hainbat bulego sutan zeuden atzo gauean Tripolin eta beste hiri batzutan.

Gazte batek garaipenaren keinua egiten du barrikaden suaren ondoan. (Amwar AMRO-AFP)

Bigarren egunez jarraian Libanok pairatzen duen krisialdi politiko eta ekonomikoa salatzeko protestak areagotu dira gaur asteartean, larrienak Tripoli iparraldeko hirian.

Gazte bat hil zen Armadarekin eta Poliziarekin liskarretan eta beste hiru ospitalera eraman zituzten. Manifestari talde bat parlamentari baten etxera abiatu zen. Bide batez, hainbat bankutan erasoak pairatu dituzte eta batzuk sutan zeuden.

Libanoko bigarren hiri inportanteenaren banku guztiak itxita zeuden atzo.

Herrialdea zor publikoak jota dago. Bertako monetak ondoa jo du eta bizitza zeharo garestitu da. Tripolin bertan, biztanlegoaren erdia baino gehiago pobreziaren itopuntutik  beherago dago.

«Nere soldatarekin bi esne-kartoi baino ezin dut erosi», salatzen zuen manifestari batek. «Ez daukat dirurik nere seme-alabei jana emateko», zioen beste batek. «Era batean edo bestean hil egingo gara. Koronabirusarekin edo koronavirusik gabe», etsituta hirugarrenak.

«¡Iraultza!, ¡Iraultza!», oihukatzen zuten Beirut hiriburutik iparraldera eta Damasko aldera dijoazten errepideak gurpilekin itxi zituzten gazteek.

Sidon hirian ere, hegoaldean, hainbat eraso paiaratu ditu Banku Zentralak bere egoitzatan.

Pandemiak krisia areagotu egin du. Merkatu beltzean 4.100 libera ordaintzen dira dolar baten truk. Libano ordain-etendura egoeran dago ezin dielako zorrei aurre egin (azkena, martxoan, 1.200 milioikoa zen).

Urte hasieratik 5.600 milioi atera dira herrialdetik eta bankuek dirua ateratzeko aukera zeharo murriztu dute.