INFO

ELAk lanuzteak deitu ditu Lidl katearen Hego Euskal Herriko supermerkatuetan

ELA sindikatuak lanuzteak deitu ditu ostegun honetan Lidl katearen Hego Euskal Herriko denda guztietan, langileek osasun krisian egindako lana aldarrikatuz. Sindikatuak ez du onartu Lidl enpresak eskainitako 160 euroko paga, ez duelako uste kopuru hori nahikoa denik.

ELAk lanuzteak deitu ditu Lidl supermerkatuetan apirilaren 30erako. (ELA)

ELAk ordu erdiko lanuzteak deitu ditu Lidl kateak Hego Euskal Herrian dituen denda guztietan ostegun honetan, apirilak 30. 12.00etatik 12.30era eta 17.00etatik 17.30era izango dira lanuzteak.

«Elikagai dendetako langileen egoera kritikoa da Covid-19aren pandemia hasi zenetik», azaldu du ELAk. Kolektibo honek aldarrikatzen du aitortu egin behar zaiola lana aurrera ateratzeko dendetan egiten ari den ahalegin berezia eta egoerak eragin dion gainkarga.

Lantaldeak galdegiten ditu, hain zuzen, segurtasun neurri zorrotzagoak, kontratazio gehiago egitea denden edukiera kontrolatu eta bajak osatzeko, ordu gehigarriak aparteko ordu moduan ordaintzea, esfortzu gaineratua konpentsatzeko atsedenaldia eta Lidlek iragarri duen paga berezia hobetzea.

Lidl katearen erantzuna

ELAk azaldu duenez, pasa den asteartean sindikatuak eta enpresak izandako bileran, arduradunek esan zioten «eremu guztietan neurriak hartzeko prest daudela, pagari dagokionean izan ezik».

Hala ere, enpresak erabaki du langileei 160 euroko paga bat ematea. Sindikatuak uste du kopuru hori ez dela nahikoa eta sektore bereko beste enperesa batzuk askoz gehiago ari direla ordaintzen ziurtatu du.

Bere arrazoien artean, Lidlek azaldu zuen ez zuela «arazo ekonomikorik izango konpentsazio handiagoa ordaintzeko», baina barne politika dela eta «ezin omen dute hemen ordaindu Estatu mailan ezarri den kopurutik gora». ELAk jakinarazi duenez, «eremu horretan beste gehiengo sindikal batzuk daude, eta ez dute gure aldarri bera egin».