INFO

Zaldibarko Udalak ukatu egin du zabortegiari buruz herritarrek eskatutako bilera

Martxoaen hasieran 150 zaldibartarrek Eitzagako zabortegiaren hondamendiari buruzko bilera bat egiteko eta bertan informazio eguneratua emateko eskaria egin zioten Zaldibarko Udalari. Hilabete beranduago Udalak uko egin dio eskari horri, datu horiek ematea berari ez dagokiola argudiatuz. Zaldibar Argitu plataformak erabakia gaitzetsi du.

Verter Recycling-en zabortegiko erreskate lanak. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Zaldibarko herrigunean ez da egin informazio bilerarik Verter Recycling 2002 zabortegiaren kolapsoaz geroztik. Eitzaga auzoan egin dira guztiak, zeina Zaldibarkoa den eta ezbeharretik gertuen degoen eremua den.

Lakuako Gobernuko teknikariek zenbait herri bileratan parte hartu zuten, Ermua eta Eibarren kasu. Zaldibarko herrian, baina, ez zen antolatu honelakorik. Horregatik, 150 zaldibartarrek bilera eskaria luzatu zioten Zaldibarko Udalari zabortegiaren hondamendiari buruzko bilera bat egiteko eta bertan uraren eta airearen kalitateari buruzko informazio eguneratua emateko.

Hilabete baino gehiago pasa da eskari hartatik –martxoa hasieran egin zen– eta apirilaren 20ean sinatuta dagoen erantzunean Udalak uko egiten dio informazio-bilera antolatzeari. Zaldibar Argitu plataformak gogor gaitzetsi du jarrera hau.

Udalaren esanetan «informazio-bilera egiteko eskaera Konstituzioaren 29. artikulo eskaera- eskubidearen babesean egiten dela». Dio eskaerak idatziz egiteko eskubidea «espainol» orok duela; aldiz, hurrengo paragrafoan argi uzten du «eskatzaileek ez dute bilera horiek egiteko inolako eskubiderik, eta bilera horien izate edo arautze hutsa ez dago jasota legedian»

Lakuaren eskumena

Instituzioak dio, bere jarrera defendatu asmoz, ez dagokiola berari ura eta airearen kalitateari buruzko datuak ematea. Hori guztia Gasteizko Gobernuaren eskuduntza izaki, «ez du zentzurik gai horri buruzko informazio-bilera bat egiteak Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzerik gabe».

Hala, jakinarazten du Lakuak aspaldi utzi ziola horrelako bileretan parte-hartzeari eta beraz, horregatik ezin izan dela antolatu horrelakork: «Gobernu talde honek behin eta berriz eskatu du Eusko Jaurlaritzako karguekin eta langileekin bilera gehiago egiteko».

Ermua edo Eibarko bileretan «gertatutakoa» ez omen zitzaien gustatu-eta. «Pentsatu behar dugu herritarren kexu eta protestez ari direla; hala ere, ez dute ezer zehatzik esaten», azpimarratu du herri plataformak. Ordutik, Eitzagan bakarrik egin dituzte bilerak; guztira, sei. Hurrengo astean hiru hilabete beteko dira ezbeharra gertatu zenetik.

Zehazten du Lakuako Gobernuak helarazitako informazioa, Udalak «eguneratuta, puntualki eta jaso ahala» eskaini diela zaldibartarrei. Bi informazio paneletan (Eitzagan eta Udal Liburutegiaren atarian) airearen kalitateari buruzko informazio jartzen duela defendatu du, nahikoa balitz bezala.

Zaldibar Argituk ohartarazi du Eitzagan zegoen aire kalitatearen neurgailua martxoaren amaieran kendu zutela eta Lakuak apirilaren 2an eman zuela horri buruzko informazioa.

Errekurtsoa aurkeztuko dute

Kontuak horrela, Zaldibar Argitu plataformakoak haserre agertu dira. Gogorarazi die herri bilerak, herritarren eskariz antolatutakoak, leku askotan egin izan direla, Zaldibarren ere bai.

Erabaki horren aurkako berraztertze-errekurtsoa aurkeztuko dute Udalean.

«Udalak praktika demokratikoa bultzatu beharko luke eta, hala ez denean, gutxienez herritarren eskaria onartu. Udalaren erantzunak agintari horien izaera erabat antidemokratikoa, autoritarioa eta obskurantista erakusten du. Herritarrekiko mespretxua eta iraina dario», kexatu da herri mugimendua.