INFO

Herri txiki, askatasun handi

Ibilaldi luzeak, bizikletan bueltak edo korrika egiteko irteerak posible dira egun osoan zehar Irurtzunen, Eukal Herriko 5.000 biztanletik beherako herririk handienetako batean. Gaur goizetik, urruntze sozialak bakarrik zapuztu duen normaltasun kutsua du herriak, eta kaleetan bizia arnasten da.

Txirrindulari bat Irurtzunen gelditu da ogia erosteko. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Ordutegien araberako irteerak mugatuta dituzten 5.000 biztanletik gorako herriek ez bezala, Irurtzungo 2.223 biztanleek askatasun epel batera hurbiltzeko aukera dute. Izan ere, Gobernu espainolak atera duen dekretuak egun osoan zehar kirola egiteko edo paseatzeko aukera ematen die.

Plazan, arkupetan edo frontoian korrika eta oihuka ari diren haurrek urratutako isiltasun batean islatzen da normaltasunarekiko keinu hori. Urrundu egiten den sentsazioa lagunekin jolastea eragozten duen distantzia sozialarekin edo oraindik zigilatuta dauden parkeekin.

«Normaltasun sentsazio handiena duen eguna da, jendeak paseatzera ateratzeko eta, batez ere, mendira joateko aprobetxatu du», dio Irurtzungo bizilaguna den Mikelek. Trinitatearen mendia pasealekuaren epizentroa da, baina igo aurretik familia mendizale baten arteko eztabaida nabaria da: «Tontorra baimendutako erradioan sartzen al da?».

Izan ere, kirola egiteko muga herriarena da eta paseatzeko muga, ordea, etxetik kilometro bateko erradioa. Kirola, dena den, banaka egin behar da. Txakurrarekin ere baziren paseoan batzuk, eta bizikletarekin kirola egiten beste horrenbeste. Eguzkiak eta 23 graduek horretara bultzatzen zuten.

«Etxe inguruan txakurra paseatzera atera naiz ahizpa txikiarekin eta, aurreko egunekin konparatuz, behintzat bi elkarrekin atera ahal izan gara. Bikoteak ere ikusten ziren, baita herrian bueltak eta bueltak eman dituzten txirrindulariak», azaltzen du Oskiak.

Herriko errepidetik jaitsita, belardietan paseatzen duten hainbat gaztek lehen irteera gozatzen dute, baina lasaitasun hori desagertu egiten da Foruzaingoaren auto bat igarotzen denean. «Gaur bezalako egun batean ere astunak dira», dio batek. Hala ere, distantzia mantetzen den bitartean herritik ibili daitezkeela esan diote txirrindulari bati.

Kirola egiteko arropa 

Kirola egiteko arropa joera da, paseatzeko, erosketak egiteko edo etxeko balkoia ez den leku batean zigarro bat erretzeko. Inkongruentea izan daiteke, baina kirol-kamiseta, maskara eta erabili eta botatzeko eskularruak konbinazio perfektua osatzen dute. Juanjo da horren lekuko. Eskularruak kendu ditu izerdiagatik, baina ahoa maskara baten atzean ezkutatzen du, eta makila baten gainean jarrita, mendirako ibilaldia bertan behera uztearen arrazoia azaltzen du: «Lehen ibilaldiarekin hankak itzali zaizkit».

Zabalgunearen ondoren, eta herriaren amaierako biribilgunea eskuinetara hartuta, presara iristeko bidea da, urrutitik agurtzen diren pertsona batzuen elkargunea eta Aixitako gaztelurantz sartzeko atea. Ibaiertzetan ere ibili da jendea eta baten batek ez dio beroari eutsi eta burua busti du Larraun ibaian. Horrelako buelta bat imajinaezina zen duela egun batzuk.

Erdialdean, distantzia soziala mantendu egiten da okindegiko eta harategiko itxarote-ilaretan. Haurrak gurasoekin, aitona-amonekin, lanetik irteten den jendearekin, publikoa askotarikoa da. Bizilagunek adierazi dutenez, normalean azken egunetan baino jende gehiago dabil eta autoen joan-etorri handia dago.

Etorkizun hurbilari, ekonomiari, turismoari eta koronabirusaren inguruan dagoen guztiari buruzko eztabaidak etengabeak dira ilaretan, baina baita irekiko duten denda berriari eta prestatuko duten janariari buruzkoak ere; txutxu-mutxu normalak, larunbat honetan estreinatutako askatasun partzialarekin batera, pandemiaren aurreko guztia nolakoa zen gogorarazten digutenak.