INFO

Ileapandegietan mugimendua Ibaetan eta Antiguan, baina tabernetan ez

Kalera atera ahal dugun tartetxoa aprobetxatu dugu Donostiako Antigua eta Ibaeta auzoetan astelehen berezi honetan nola esnatzen diren ikusteko. Betiko denda, okindegi eta botikekin batera, ileapaindegietan mugimendua somatzen hasten da. Tabernetan, ordea, egoera ez da hain itxaropentsua.

Antiguako Matia kaleko ileapandegi baten aurrean bi bezero txandaren zain. (MARTXELO DIAZ)

Aste berriaren hasierarekin gauza zenbait aldatu behar zirela esan ziguten, baina, egia esan, oso antzekoa dirudi denak. Kirola egiteko azken ordua aprobetxatuko dugu Donostiako Ibaeta eta Antigua auzoetatik barrena ibiltzeko eta giroa ikusteko.

Azken egunetan ohi bezala, jakiak saltzeko dendetan eta botiketan ikusten dira jende-ilarak. Baita bankuetako kutxazainen aurrean. Eta okindegietan ere bai. Egia esan, ez da jende asko kalean. Matia kalean trafiko gutxi dago, ez dirudi lanegun arrunta. Ez da. 5. lineako autobusetan jende gutxi dago. Guztiak maskarekin, gehienak atzeko eserlekuetan, bata bestearengandik banatuta.

Ileapaindegiak

Ezohiko mugimendua ikusten da ileapandigietan. Batzuk itxita daude oraindik, beste batzuetan, ordea, lan egiten ari dira. Resurreccion Maria Azkue kaleko Alberto ileapaindegiaren kasua da. «Goizeko zortzietan etorri gara dena prestatzeko eta lanean hasteko», azaldu digu Albertok, ileapaindegiaren jabeetako batek.

Bi bazkide dira eta biak ari dira lanean gaur. «Lokala handia da eta badugu bezeroak jasotzeko toki nahikorik. Jendearen arteko tarteak zabalak dira eta maskarak ditugu. Eta horrez gain, arauek eskatzen dituzten garbiketa lan guztiak egiten ditugu. Eta are gehiago», azaltzen digu Albertok.

Gurekin hitz egiteko ileapaindegitik atera da, etengabe deika dabilen telefonoa momentuz erantzun gabe utziz. «Zenbat denbora egongo gara hizketan?», galdetu du bezeroak artatzea baitu kezka nagusitzat. «Bi minutu baino ez», erantzun diogu. Alberto telefonoarekin (eta gurekin) dabilen bitartean, bazkidea bezero bati ilea mozten ari da. Hasi dira martxan.

Gaur goizean hasi dira deiak hartzen eta txandak banatzen. Lehenengo ordutik badituzte bezeroak eta egun osoan zehar horrela segituko dutela dirudi. Hurrengo egunotan ere martxa berean jarraitzea espero dute. «Behar genuen», onartu digu.

Antiguarantz segitu dugu, Matia kalean ere badira ileapaindegi dezente eta horietako batzuk dagoeneko irekita eta lanean daude. Bezero bana edo bina lokalaren barnean daude. Bakan batzuk atean zain, betiere segurtasun tarteak errespetatzen. Ileapaindegi baten atarian paratu duten kartelak dioenaren arabera, telefonoz edo lokalean bertan egin daiteke txandarako erreserba. Adineko emakume talde batek nahiago izan du lokalera joan eta ileapaindegian bertan txanda eskatzea. Hor daude, ireki zain, euren artean hitz egiten, maskara banarekin, azken egunotako pasadizoak kontatzen… Gustura daudela dirudi.

Taberna eta jatetxeak

Orduagatik izango da beharbada, baina ikusi ditugun taberna eta jatetxe guztiak itxita daude, pertsiana behean dutelarik eta gehienetan ez dutela irekiko dioten abisuak dituzte. Trikuharrin bada mugimendua, baina azkenaldian obretan daudelako da.

Suposatzen da bezeroak egiten dituzten eskariak atenditu ahal dituztela, jatetxean bertan jasoz edo etxeetara eramanez. Baina ez da girorik. Etxera bueltatu garenean Antiguako Platero eta Bodegoira deitu dugu telefonoz. Ez digute erantzun. Ibaetako Aratzekin saiatu gara, Xabier Zabaletarekin hitz egitea lortu dugu.

«Ez gara zerbitzatzen ari. Ez du merezi. Egoera oso zaila dugu irekitzeko», dio Xabier Zabaletak. %30a edo %50a irekitzearen artean ere ez dagoela diferentzia handirik nabarmendu du. Horrekin gastuei aurre egitea eta langileei ordaintzea ezinezkoa dela azpimarratu du. «Estatuak egoera konplikatu batean jartzen gaitu. Azkenean gure patrimonioa arriskuan jartzera behartzen gaituzte eta horrekin ere ez da seguru porrotetik ihes egin dezakegunik», azaldu du. Hemendik gutxira tabernan pote bat hartzen elkar ikusteko desirarekin agur esan diogu Xabier Zabaletari.