Lore eskaintzak eta burrunbada, Zaldibarko zabortegia jausi zela hiru hilabete beteko direnean
Maiatzaren 6an, asteazken honetan, hiru hilabete beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia jausi eta Alberto Sololuze eta Alberto Beltran langileak desagertu zirenetik. Zaldibar Argituk lore eskaintzak iragarri ditu Eibar, Ermua, Zaldibar, Elgeta, Mallabia, Zalla eta Markina-Xemeinen. Euskal Herriko balkoietan burrunbada egitera deitu du.
Otsailaren 6an kolapsatu zuen Zaldibarko lurretan kokatua zegoen Verter Recycling zabortegiak. Milaka tonako zabor eta lur azpian harrapatuta geratu ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak. Asteazken honetan, maiatzaren 6an, hiru hilabete beteko dira ezbehar hartatik eta oraindik, beharginak lur azpian jarraitzen dute.
Beharginak desagertuta jarraitzen duten bitartean, erantzukizunek ere airean daudela gaitzesten du Zaldibar Argitu herri plataformak. Horregatik, herritarrak mobilizatzera deitzen ditu, duela hilabete bat, apirilaren 6an, egin bezala.
Kasu honetan, asteazkenerako lore eskaintzak iragarri dituzte zonaldeko herriko plazetan (Eibar, Ermua, Zaldibar, Elgeta eta Mallabia) eta langileak bizi ziren udalerrietan; Markina-Xemeinen eta Zallan. Zallako lore-eskaintza Beltranen familiak antolatu du eta herri mugimendua deialdira atxiki da.
Egunean zehar herri horietariko plazetan lore-eskaintza egitera animatzen ditu herritar oro Zaldibar Argituk.
Honez gain, apirilean legez, arratsaldeko 20:30etan Euskal Herri osora zabaltzen duten deialdia antolatu dute. Balkoi guztietatik burrunbada egitera animatzen ditu euskal herritar oro.
Ondoren, bi kandela pizteko eta 'Zaborrezko Munstroa' abestia bozgorailuetan jartzeko deia egin dute.