INFO

Tenperatura neurketak, maskara banaketak eta gel hidroalkoholikoak Bilboko metroan

Osasun neurriek Bilboko metroa hartu dute deseskaladaren 1. fasearen hasieran. Geltoki guztietan boluntarioak maskarak banatzen, gel hidroalkoholikoen dosifikatzaileak metro barruan eta, berrikuntza nagusia, bidaiarien gorputz-tenperatura neurtzea Gurutzetan eta Otxarkoagan.

DYAko boluntarioak tenperaura neurtzen metroko bidaiariei. (Vía twitter @euskotren )

Astelehen honetan hasi da koronabirusaren pandemiak eragindako konfinamenduaren deseskalatzearen lehen fasea. Fase honetan pertsonen mugikortasuna handitu da, eta horregatik izan gara goizeko lehen orduetan Bilboko metroaren hainbat geltokietan, non osasun neurriak handitu diren.

Alde Zaharreko geltokiko metro-ahora hurbildu bezain laster, Bizkaia Gara sareko bi boluntario ikusi ditugu, bidaiari guztiei maskarak banatzen; izan ere, garraio publikoan nahitaezkoa da maskarak erabiltzea. Geltoki guztietan irudi bera errepikatu da.

Beatriz, Bilbao Intermodal geltokiaren sarreran zegoen boluntario batek esan digunez, jende gehiena etxeko maskarekin joaten da. «Jendea, oro har, oso kontzientziatuta dago, askok etxetik ekartzen dute maskara, baina batzuk banatu ditugu. Batzuek maskara oso erabilia eta higatua ekartzen dute, eta horiei ere bat ematen diegu aldatzeko», kontatu digu.

Bidaiari kopuruari dagokionez, gehiago espero zuela esan digu, eta aldiz, goiza nahiko «mailakatua eta lasaia» izan dela. Hori bera adierazi dute San Inazio geltokian zeuden beste bi gazte boluntarioek, non bidaiari kopurua «ez da bereziki handia izan».

Gehien ikusten den maskara kirurgikoa da, boluntarioek banatzen duten bera. Baina denetarik ikus daitezke, oihalezkoak, etxean egindakoak edota babes handikoak.

Osasun neurriak nagusi dira metroan, eta estazio guztietan ikus zitezkeen, bai kantzelatzeko makinetan, bai nasetan, gel hidroalkoholiko desinfektatzailearen dosifikagailuak.

Tenperatura neurketa

Baina zalantzarik gabe gaurko berrikuntza nagusia DYAko boluntarioen eskutik etorri da, bidaiariei gorputzeko tenperatura neurtzen aritu baitira. Bi taldetan banatzen dira, eta hilabete baino pixka bat gehiago emango dute hori egiten. Gaur Otxarkoaga eta Gurutzetako geltokietan izan dira.

Gu Gurutzetara joan gara, eta tenperatura hartu ondoren –36,5eko emaitzarekin– Valentina eta Olaiarekin hitz egin dugu, biak boluntarioak. Azaldu digutenez, lehenik eta behin egiten ari diren kanpainaz informatzen dute jendea eta, ondoren, «nahi izanez gero» tenperatura hartzen diete. «Baten batek uko egin dio, baina gehienek onartzen dute», kontatu du Valentinak.

«37tik gorako emaitza emanez gero, beste proba bat egiten zaie, eta 37tik gora emanez gero, zenbait neurri hartzea gomendatzen diegu, baina gure lana aholkatzea besterik ez da», azaldu dute boluntarioek. Diotenez, 11.00ak arte tenperatura neurtu dieten 150 pertsonetatik batek bakarrik eman du gehiegizko marka, «baina beti tenperatura altua izaten duela argudiatu du».

DYAko boluntarioen lan hau metroa irekitzearekin batera hasten da, goizeko 06.00etan, eta 15.00etan amaitu. Hala ere, Gurutzetakoek esan dute trafikorik handiena 8.30etik 9.30era izan dela.

%29ko igoera bidaiari kopuruan

Metro Bilbaok adierazi digunez, joan den astelehenarekin alderatuta %29ko igoera izan da gaur bidaiarien kopuruan, eta 12.00ak arte 30.430 bidaiari izan dira. Bezeroen arretarako bulegoak ireki dira gaur, ohiko ordutegian, eta eguerdiko hamabiak arte. Puntako orduetan zerbitzuak %100era mantendu direla adierazi du.