Asgarthek ‘Heriotzaren aurpegia’ kantua eguneratu du
Duela hogei urte kaleratu zuen Asgarth-ek ‘Heriotzaren aurpegia’ kantua eta haren bertsio eguneratua aurkeztu du astearte honetan. Maiatzean zuten hamahiru urteko isilunearen ondoren oholtzetara itzultzeko asmoa; aukera heldu bitartean, haien musikaz gozatzeko aukera dute zaleek.
Orain hilabete batzuk iragarri zuen Asgarth taldeak itzultzeko asmoa, hamahiru urtez luzatu den isilune luzearen ondoren. Bada, une hori heltzen den bitartean, nobedadea aurkeztu du talde donostiarrak, konfinamendutik. Añorgako boskoteak duela 20 urte plazaratu zuen ‘Heriotzaren Aurpegia’ abestia, hain zuzen kaleratu zuen ‘Etorkizunaren Sustraia’ bigarren diskoan, eta berehala bilakatu zen zaleen kanta kuttunenetako bat.
Orain, abestiaren soinua eguneratu dute eta jarraitzaileei opari gisara eskaini nahi izan diete. Asgarthek azaldu duenez «gogoa genuen duela bi hamarkada konposatu eta grabaturiko kanta berezi hau berreskuratzeko, abestia lehenengoz jaio zeneko une horiek beste behin ere bizitzeko. Ederra izan da doinuei bizi berri bat ematea».
Asgarthek ‘Heriotzaren Aurpegia’ kantaren bertsio eguneratua maiatzean argitaratu izana ez da kasualitatea; gorriz markaturik zegoen hilabete hori taldearen egutegian izan ere, hilaren 9an eskaini behar zuten itzulera kontzertua, Añorgako zine zaharrean, duela 13 urte agur esan zuten toki berean.
Asgarthek zuzeneko emanaldietarako planak aldatu behar izan ditu COVID-19aren ondorioz, eta egoerak hobera egitean iragarriko du itzulerako hitzordu berria. Itzulera, gainera, berritasunekin iritsiko da, boskotea eraberrituta bueltatuko baita. Asier Enbil, Ander Cañas eta Unai Zabala jatorrizko taldekideei batu zaizkie taldearen bigarren etapa hau konpartitzeko Mikel Yarza baxua eta Etxahun Urkizu bateria, Hilotz taldeko musikariak biak.