INFO

SSI enpresak 26 langile kaleratu nahi dituela salatu du LABek

LABek gaitzetsi duenez, SSI enpresak Enplegu-Erregulazioko Espediente bat (EEE) aurkeztu nahi du arrazoi produktiboak argudiatuz. Enplegua bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio sindikatuak Lakuako Gobernuari.

SSI enpresa Sidenor-ek azpikontratatutakoa da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Basaurin dagoen SSI enpresak, 80 langile dituen Sidenor-en azpikontratak, Enplegu-Erregulazioko Espediente bat (EEE) aurkeztea erabaki du arrazoi produktiboak argudiatuz eta 26 langile kaleratzeko asmoa erakutsi du, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.

«LABetik erabat gaitzesten ditugu kaleratzeok. Ez dugu uste horretarako arrazoirik dagoenik. EEE honen atzean dagoena, egoeraz eta gaur egun langileek bizi duten beldur eta ziurgabetasunaz baliatzeko ahalegina besterik ez da», adierazi du sindikatuak ohar batean.

Modu horretan, LABek salatu du osasun krisiaren testuinguru honetan halako txosten bat aurkezten lehenengotarikoa izango litzatekeela SSI, eta erabaki honek 26 familia  etxera bidaliko lituzkeela. «LABen ulertzen dugu kaleratzeen aurretik dagoela bestelako alternatibak aztertzeko aukerarik eta hortaz, borrokan egingo dugu 26 langile hauek kaleratu ez ditzaten», adierazi du.

Lakua, «itsu, mutu eta gor»

Azpikontratetako langileen egoera azpimarratu du LABek eta Lakuako Gobernuari eskatu dio enplegu suntsiketa honen aurrean neurriak hartzeko. «Urkullu lehendakaria eta Taipa sailburua, ezer egin gabe geratu behar zarete, itsu, mutu eta gor?», esan du sindikatuak.

Zentzu honetan, LABek exijitu du «EEEa bertan behera uztea» eta borrokan egingo dutela «hau horrela izan dadin». Azkenik, sindikatuak azaldu du datozen egunotan Lakuako Industria Sailari bilera eskatuko diola «eraso honen aurrean jarrera har dezan exijituz» eta mobilizazioak deituko dituztela «kaleratzeok gelditzeko helburuarekin».