Genero berdintasunari buruzko goi-mailako zikloa eskainiko du Nicolas Larburu zentroak
Barakaldoko Nicolas Larburu zentroak Genero Berdintasunaren Sustapena izeneko goi-mailako euskarazko zikloa eskainiko du datorren kurtsoan. Hego Euskal Herrian ziklo hau eskainiko duen lehenengo ikastetxea izango da.
Hego Euskal Herrian genero berdintasunari buruzko goi-mailako zikloa eskainiko duen lehenengo zentroa izango da Barakaldoko Nicolas Larburu ikastetxea. Genero Berdintasunaren Sustapena izeneko zikloak bi mila orduko iraupena izango du, bi urtetan. Goi-mailako gainontzeko zikloetan bezala, bigarren mailan ikasleek enpresatan egingo dituzte praktikak, bertan 380 ordu eginda.
Goi-mailako ziklo hau arratsaldeko txandan eta euskaraz emango da, eta arlo publikoan zein pribatuan lan egiteko prestakuntza eskainiko du, genero-berdintasunaren arloko zerbitzuak egitearen sektorean: elkarteetan, fundazioetan, erakundeetan, sindikatuetan, enpresetan, aholkularitzetan, udal-zerbitzuetan, berdintasuneko organismoetan eta gizarte-zentroetan, kasurako.
«Ziklo honek eskainiko dituen lan-irteera konkretuak ez dakizkigu oraindik, egiten den lehenengo aldia delako. Baina azpimarratu nahi dugu ikasleek aukera gehiago izango dituztela lan munduan, lehenengo promozioa izango delako», azaldu du Javi Blazquez Kultura eta Gizarte Zerbitzuetako Mintegiaren arduradunak.
Ziklo honek, beraz, genero-berdintasuna sustatzeko goi-mailako teknikariak prestatuko ditu. 2020/21 ikasturterako 25 plaza eskainiko ditu Nicolas Larburu ikastetxeak, eta aurrematrikula egiteko epea ekainaren 1ean irekiko da.
Javi Blazquezek aurreratu duenez, zikloa erronketan oinarritzen den ETHAZI metodologia berriaren baitan garatuko da.
Bigarren mailan egingo diren praktiken inguruan, halaber, Barakaldoko ikastetxeak jada baditu zenbait enpresaren bermeak, esanez prest egongo liratekeela ikasleen praktikaldiak onartzeko, Metro Bilbao kasurako, edo hirugarren sektorearekin lotura zuzena duten zenbait enpresarena.
Blazquezek azaldu duenez, Nicolas Larburun aspalditik dago ikasle talde bat berdintasunaren gaian «interes handia» duena. «Berdintasun plan bat martxan daukagu, eraso sexisten aurrean protokolo bat ere badugu, eta genero berdintasunaren gaian interesa dago aspalditik», esan du. Zentzu berean, nabarmendu du ikastetxeko lantaldea «oso pozik» dagoela, «zikloa martxan jartzea genero berdintasunaren aurrean aurrerapauso garrantzitsu bat izan daitekeelako».