INFO

Etchegaray eta Etchetoren artean jokatuko da Baionako alkatetza

Joan zen larunbatean Baiona Berdea eta Elkarkidea (BBE) hautagaitzako kideek ezkerreko hiru indarren arteko akordioa errefusatu ondotik, Baiona Hiri Irekia (Henri Etcheto) eta Bihar Baiona (Mahieu Berge) elkarrekin aurkeztuko dira bigarren itzulira. Ekainaren 28an Jean-Rene Etchegaray jarduneko auzapeza eta zentro-eskuineko hautagaia eta Henri Etcheto PSko ordezkaria buruz buru izanen dira. BBEk bere zerrenda erretiratu ondotik abertzaleek sostengaturiko hautetsirik ez da izanen ondoko sei urtetean Lapurdiko hiriburuan.

Bihar Baiona hautagaitzako kideek Etchetorekin akordioa egin dute bigarren itzulirako. (Bob EDME)

Larunbat goizean bozketa antolatu zuen Baiona Berdea eta Elkarkide (BBE) elkarteak bigarren itzuliari begira bere estrategia zehazteko.

Bezperan biltzar nagusia egin ondotik, 138 kideetatik 116k eman zuten boza biharamunean eta horietarik 56k akordio horren kontra egin zuten. Alde agertu zirenek 54 boz atera zituzten eta beste sei xuri kontatu ziren.

Emaitza estua beraz, baina Baionako eta Ipar Euskal Herriko panorama politikoan ondorioak izanen dituena.

Bigarren bozketa baten bidez Mathieu Berge buru duen Bihar Baiona zerrendarekin biko akordioa egiteko prest agertu ziren BBEko 91 kide eta kontra 21. Xuri bozkatu zutenak lau lagun izan ziren.

Posizio sendo horrek, haatik, ez du Berge eta bere taldearen baitan aski eraginik izan. Finean, Etchetorekin elkartzeko parioa egin du PSko buruak; Euskal Elkargoaren sorrerari bizkarra eman ondoren bere udal taldea utzi zuen Bergek.

Neurri batean Baiona Berdeak eta Elkarkideak larunbatean jakitera eman zuten erabakiak erreztu egin zuen Bergeren hautua. Jean-Claude Iriart eta Sophie Bussiere buru dituen hautagaitzak ezagutzera eman baitzuen Bihar Baionak ez bazuen onartzen biko aliantza BBE ez zela izanen bigarren itzulian.

Gauzak horrela PSko hautagaitza ofizialak eta talde kritiko horrek berriz elkartzeko parioa egin zuten. Horren ondorioz badira sei urte izan zen buruz burukoa errepikatuko da Baionan.

Ekainaren 28an Jean-Rene Etchegaray jarduneko auzapezaren eta zentro-eskuineko hautagaia eta Henri Etcheto PSko ordezkariaren artean buruz burukoa izanen da.

2014ko herriko bozen bigarren itzuliarekin bada diferentzia esanguratsu bat, ezkerreko zerrenda zabala ez baita bigarren itzulian. Ondorioz ondoko sei urteetan abertzaleek ez dute hautetsirik izanen Lapurdiko hiriburuan.

Akordioa PS-abertzaleak, Hendaian

Hendaian berriz zerrenda bi izanen dira bigarren itzulian. Azkeneko sei urtetan udal gobernuaren partaide izan den Hendaia Biltzen taldeak Kotte Ezenarro auzapez sozialista buru duen hautagaitza babestuko du.

Ezenarrok botoen %41 bildu zuen lehen itzulian. Letizia Navarron zerrendaburu duen Hendaia Biltzenek %18,37. Aliantza horrekin bat eginen du, finean, hirugarren talde batek. Laurent Tariol komunistaren zerrenda (%7,8), hain zuzen.

Pascal Destruhaut zentro-eskuineko zerrendaburua izanen da Kotte Ezenaroren aurkaria ekainaren 28an.

Barucq eta Morin, elkarrekin Biarritzen

Finean, bihar goizean agerraldia eginen dute Biarritz Nouvelle Vaguek (Guillaume Barucq) eta Biarritz Euskal Herrian zerrenda ekologista eta abertzaleak.

Indarrak batu dituzte hurrenez hurren Guillaume Barucq eta Brice Morin zerrendaburu dituzten hautagaitzek martxoaren 15ean lehena heldu zen Maider Arosteguy hautagai eskuindarrari aurre egiteko bigarren itzulian.