INFO

Gure Eskuk «komunitatea sostengatzen duten sareak babesteko» deia egin du

«Orain inoiz baino gehiago, elkarri eskua luzatzeko unea» dela adierazi du Gure Eskuk, eta bere buruari jarritako erronkei eusteko, ezinbesteko jo du bazkide sarea handitzen segitzea.


Bideo baten bidez irudikatu du Gure Eskuk une latzenetan euskal herritarrok erakutsi izan dugun indarra eta elkartasuna, komunitateari eman izan diogun balioa. «Gure esku dago etorkizuna, txikitik eragiteko gaitasuna, herritarron indar eta elkartasuna, urte luzez behin eta berriz erakutsi duguna», azaldu dute ikus-entzunezkoan, eta Euskal Herriaren gertuko historian balio hori islatzen duten hainbat une erakutsi dituzte: 1936an, Jose Antonio Agirre buru, lehen Eusko Jaurlaritza osatu zutenekoa, ikastolen sorrera, 1983ko Bilboko uholdeak, 1998ko Bai Euskarari ekitaldiak, Lizarra-Garaziko akordioa, ‘EGIN’ eta ‘Egunkaria’ren itxierak, 2016ko sanferminetako eraso sexistari edo Altsasuko Auziari emandako herri erantzunak, Baionako armagabetze zibila, eta krisi honi aurre egiteko eratu diren zaintza sare komunitarioak.

Izan ere, Gure Eskuk ohar batean adierazi duenez, bizi dugun osasun krisiari eta datorren krisi sozialari eta ekonomikoari aurre egiteko ere, herri gisa jokatu beharko dugu. «Orain inoiz baino gehiago, elkarri eskua luzatzeko unea da. Komunitatea sostengatzen duten sareak babestu, eta guztion artean etorkizun berri bat eraikitzekoa», azaldu dute.

Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek.

Bistan denez, egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak den-dena baldintzatu zuen, eta jakina, ekimena ere bai: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.

‘Gelditu. Hausnartu. Erabaki’ solasaldi digitalak antolatzeko baliatu du Gure Eskuk geldialdia. «Covid-19aren ondoren mundua nola aldatuko den elkarri galdetuz, zer gertatuko zain geratzen bagara, iraganaren antza gehiegi izango duen normalitate berri batera igarotzeko arriskua handia da», gaineratu du.

Fase berri honetan, herritarrok plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste du dinamikak: «Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea». Horregatik, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute, ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean datorren iganderako.

Ekimen bateratu honen bidez, herri eta hirietako «plazak berreskuratu eta aldarriz bete» asmo dituzte datorren igandean, goizeko 11.00etatik eguerdiko 14.00etara bitartean. Parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramango du, lurrean utziz. Egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute antolatzaileek.

Komunitatearengana, babes eske

Ekimena martxan jartzeko diru inbertsio handi bat egin du Gure Eskuk, bere ibilbidean ohikoa izan den bezala, bazkideen ekarpenen eta ekimenari lotutako salmenten bidez berreskuratzea aurreikusita. Osasun krisiak eragindako geldialdiak baina, salmenta bidezko diru sarrerak atzeratu ditu, eta estualdi batean jarri du herri dinamika.

Horregatik, bere komunitatearengana jo du babes eske. Bazkide diren horiei 20 eta 50 euroko ekarpen bereziak egiteko aukera emango diete, eta oraindik bazkide ez direnek bi eratara lagundu ahal izango dute: uneko ekarpen berezi baten bidez, zein bazkide eginez. Bestalde, herritar asko estualdi bera pasatzen ari direla aintzat hartuz, Gure Eskuk argi utzi du aukera duten horiei bakarrik zuzendu diela diru eskaera, eta gainerakoei, bazkidetzaren berri zabaltzeko dei egin die.