EH Bilduk euskal presoei bisita egingo die covid-19ak kartzeletan duen eragina ezagutzeko
Koronabirusak presoen egoera «larriagotu» duela eta, EH Bilduko zenbait hautetsik euskal preso politikoak bisitatzen hasiko dira datorren astetik aurrera. Bisita hauen helburua koronabirusak kartzeletan izan duen eta oraindik duen eragina bertatik bertara ezagutzea da.
Covid-19ak sortutako salbuespen egoeratik eratorri diren komunikazio arazoei aurre eginez, EH Bilduko hautetsiak presoen eta euren inguruaren eta gizartearen arteko bitartekari gisa arituko dira, euren egoera eta euren gogoetak lehen eskutik ezagutzeko eta, baita ere, horren inguruko ekimenak «koalizioaren jardun politikora eramateko prestutasuna agertzeko», konponbide «oso» baten alde.
Prentsara igorritako ohar batean, EH Bilduk adierazi du pandemia honen kalteak larriak direla kartzeletan oro har, baina are larriagoak izan direla euskal preso politikoen kasuan, urruntzea eta sakabanaketaren ondorioz. Izan ere, urrundutako presoek senide eta lagunen bisitak jaso gabe jarraitzen dute gaur gaurkoz, kaleratzeko baimenak bertan behera geratu dira...
Hori dela eta, EH Bilduk ohar baten bidez iragarri du «egoera salatu eta kezka adieraztetik harago», neurriak hartuko dituela, eta horretarako, presoen lekukotasunak zuzenean jasotzera joango dela kartzela desberdinetara. Modu berean, pandemia garaian egin den lanaren berri emango diete presoei, bai nazioartean eta baita Espainiako Kongresuan egindako adierazpenari dagokionez.
Datorren astean abiatuko ditu bisitak talde subiranistak.
Bisitez gain, bestelako ekimenak ere jarri ditu martxan EH Bilduk, gutunak idaztea esaterako, pandemiak sorturiko egoeraz harago ere «euskal preso politikoen eskubide urraketen aurrean ere babes eta elkartasun» ekimen gisa.
LABen manifestazioa Iruñean
Bestalde, LAB sindikatuak mobilizazioa egin du ostiral goizean Iruñean, «euskal preso politiko guztiak etxera osasuntsu eta bizirik ekartzeko» aktibazioaren eta presio sozialaren alde.
200 herritar inguruk parte hartu duten manifestazioaren ostean, sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute osasun-krisiak presoen egoera «bi aldiz» larriagotu duela. Imanol Karrera bozeramaileak azpimarratu du «osasun, klima eta gizarte krisiak» konfinamendu bikoitza ekarri diela presoei, familia eta lagunen bisitak galarazi baitzaizkie.
Karrerak Julen Atxurra gaixorik den espetxeratua eta gose greban dagoen Patxi Ruiz presoaren egoerak ekarri ditu gogora. «Bi kasu horiek lehentasuna izan beharko lukete eta berehalako konponbidea eman beharko litzaieke; kaletik, baina baita erakundeetatik ere, Nafarroako Gobernutik», aldarrikatu du.
Zentzu horretan, LABek iritzi du Nafarroako Gobernua bultzatzen ari den Nafarroa Suspertu planak presoen eta erbesteratuen eskubideak errespetatzen dituzten neurriak jaso behar dituela. «Uste dugu, eta hala jasoko dugu LABen ekarpenetan, plan horretan sartu behar direla sakabanatzearen amaiera, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoen askatzea, baita zigorraren hiru laurdenak bete dituzten pertsonena ere, legeak hori ezartzen baitu», esan du Karrerak.
Sindikatuak jakinarazi du, halaber, aldarrikapen hauek lantokietara eramango dituela, eta Sarek abian jarri duen dinamikarekin bat eginda, Nafarroako langileak gonbidatuko dituztela presoak etxera «lehenbailehen» ekartzeko behar den presio sozialaren alde urratsak ematera.