INFO

Euskalduna jauregiak arte eszenikoen jaialdia prestatuko du profesionalei laguntzeko

‘Aurrera Fest’ jaialdia uztailean antolatzeko asmoa dauka Euskalduna Jauregiak, Bizkaiko Aldundiak sustatuta, arte eszenikoko eta musikako profesionalek euren emanaldiak eskaini ditzaten. Ekainaren 17ra bitarteko epea izango dute parte hartu nahi dutenek euren proposamenak bidaltzeko.

Ekimenarekin batera kartela aurkeztu dute gaur. (NAIZ)

Bizkaiko Aldundiak Bilboko Euskalduna jauregia jarriko du arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren profesionalen esku euren emanaldiak egin ditzaten. Hala, ‘Aurrera Fest’ jaialdia prestatu dute eraikinaren kultur jarduera berreskuratzeko asmoz. «Ateak itxita ere Euskadunak lanean jarraitu du, bere ikus-entzuleak jasotzeko eta Bizkaiko arte eszenikoen eta musikaren erreferente gisa jarraitzeko prestaketa lanetan. Hurrengo asteetan Jauregiaren bihotzak dar-dar egingo du berriro, musikaren erritmora», azaldu dute.

«Euskalduna zuzeneko kultura da, eta gure esperientzia eta azpiegiturak mahai gainean jarri gura ditugu. Gure indarrak batu gura ditugu sektore osoari bultzada emateko eta berrindartzen laguntzeko,
agintariek horretarako baimena ematen dutenean. Kulturaren sektorea suspertzeko tresnak bideratu gura ditugu», esan du Euskaldunako zuzendari nagusia den Andoni Aldekoak.

Programan parte hartu nahi duten talde eta konpainiek ekainaren 17ra bitarteko epea izango dute zuzeneko emanaldietarako proposamenak aurkeztu ahal izateko. Ekainaren 22an behin betiko egitaraua jakinaraziko du Euskaldunak, eta gero sarrerak jarriko dira salgai. Aurreratu dutenez, jaialdia uztailean egingo dute seguruenik, baina hartu beharreko neurrien arabera zehaztuko dute data.

Ikuskizunak arte eszenikoko edozein generokoak izan ahalko dira, besaulkiak dituen aretoko eszenatokian ospatzeko modukoak eta gutxienez 50 minutuko iraupena dutenak (atsedenik gabe). Jauregiak, berriz, profesionalen esku jarriko du oinarrizko zerbitzua, ikus-entzuleak banatzeko zerbitzua eta sarrerak saltzeko plataforma.