INFO

Siriako lehen ministroa bota du Al-Assadek krisi ekonomikoa dela eta kale protesten artean

Krisialdi ekonomiko izugarri batek jota, eta duela 9 urte Udaberri Arabiarrean izan zirenen moduko protestak sumatzen ari diren honetan –gutxiengo drusoak bultzatuta–, laister 20 urte boterean egingo dituen Baxar al-Assad presidenteak bere lehen ministroa sakrifikatu du. Denak bere horretan jarrai dezan.

Husein Arnous, Siriako lehen ministro berria. (Louai BESHARA/AFP)

Siriako hego-mendebaldeko As-Suwayda hirian jendea egunero kalera irteten ari da, egoera ekonomiko larria dela-eta protesta egiteko. Eskualdean drusoak dira gehiengoa, islamaren eta kristautasunaren nahasketa den erlijio sinkretikoa praktikatzen duen Golan mendietako komunitatea.

Horrelako protesten berri gutxitan izaten da Sirian. Are gutxiago, Gobernuak 2011ko Udaberri Arabiarraren testuinguruan herrialdeko hiri eta herri askotan izan ziren manifestazioak gogor zigortu zituenetik. Errepresio bortitzak egun amaitu gabe dagoen gerra zibila eragin zuen, kanpoko potentzien laguntzaz.

As-Suwaydako manifestazioetan Gobernuaren aurkako oihuak entzuten dira. «Bizitza oparoa Siriari, Baxar al-Assad kanpora!», «Herriak erregimenaren suntsiketa nahi du»... Duela 9 urteko leloak.

Manifestariek gainerako eskualdeetako siriarrak «ustelkeriaren» aurka mobilizatzera  deitu dituzte. Bizi baldintza hobeak eta egoera ekonomikoa aldatzea exijitzen dute.

Bide batez, Daraako probintziako herriek segurtasun indarren eta indar paramilitarren eskutik pairatzen duten blokeoa salatu dute. Daraa hirian hasi zen Udaberri Siriarra, negu bilakatu dena.

As-Suwaydako manifestari drusoek Irango eta Errusiako tropek, mertzenarioek eta miliziek Siriatik alde egin dezatela aldarrikatu dute egunotan.

Egoera honetan, boterean 20 urte beteko dituen Baxar al-Assadek Imad Khamis lehen ministroa kargutik bota du eta bere ordez Husein Arnous Ur-Errekurtsoen ministroa jarri du.

Siriak izugarrizko krisia bizi du. Liberak hondoa jo du eta inflazioa %50era iristen da. Ogiaren prezioa bikoiztu egin da azken bi asteetan. Ekainetik aurrera, AEBek ezarriko dizkien zigor ekonomiko berriei aurre egin beharko diete.